Azken txanpan sartu da Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia. Martxoaren 6an abiatu zuten aurtengo 18. edizioa, eta denera, 32 kontalarik 50 saio eskaini dituzte. May Gorostiaga jaialdiaren koordinatzailea pozik azaldu da jaialdiak aurten izan duen harrerarekin: «Zoragarri joan da dena, jende asko gerturatu da saioetara eta publiko aldetik pozik gaude. Aurtengoa maila altuko jaialdia izan da eta kostako zaigu hori mantentzea datozen urteetara begira. Kontalarien tribua nola batu den ikustea izan da guretzako garrantzitsuena; kontalari asko gerturatu dira besteen ikuskizunak ikustera, harremanetan egon gara hilabete askotan zehar eta horrek asko batu du gure lana, kontalaritza lanbide oso bakartia baita. Beraz, helburu guztiak beteta geratu zaizkigu».
Tolosan eta Ordizian ospatu dira saio gehienak, baina beste 16 herritan ere izan da zertaz gozatu. Ekitaldien artean, martxoaren 12an Tolosako Leidor aretoan ospatu zuten Ahozkotasunaren Gala Nagusia nabarmendu du Gorostiagak, «munduko kontalarien jaialdietan ez baita ohikoa izaten umeen gala antolatzea», baina Tolosan hala antolatzen dute. «Amarotz edota Berazubi bezalako auzoak beti inplikatzen dira gure jaialdiarekin eta Intujai espazioan Quico Cadaval Galiziatik etorritako maisu handiarekin ikastaro zoragarria egiteko aukera izan genuen», gaineratu du.
URREZKO AITORTZA
Azken urteetako bideari jarraituz, jaialdiak urrezko kalabaza eskaini ohi dio ahozkotasunaren bide desberdinetan lan nabarmena egin duten hiru pertsonei, eta horietako bat aldez aurretik jakinarazten dute. Hala, horietako Urrezko Kalabaza bat Yolanda Arrieta (Etxebarria, Bizkaia, 1963) idazle eta kontalariari eskaini nahi izan diote, «ahozkotasuna bere idazlanak bere kontalari grinarekin maisuki uztartzen jakin duelako, istorio ederrak oparituz».
Horrez gainera, urrezko bi kalabaza gehiago banatuko dituzte larunbatean, baina koordinatzaileak jakinarazi du azken ordura arte ez dutela irabazleen berri emango. Horietako bat ahozkotasunari zerbait eskaintzen dion elkarte edo proiektu bati emango diote, eta bestea euskal kontalari bati.
Urrezko Kalabaza eskaintzeko ekitaldia larunbatean, apirilaren 5ean ospatuko da, 12:00etan hasita, Tolosako Intujai Espazioan, eta saria eman aurretik, 9:30etan, Emakumeak eta ahozko literaturaren transmisioa izenburupean mahai ingurua egingo dute. Yolanda Arrieta bera, Amaia Alvarez Uria eta Mireia Delgado egongo dira mahairen bueltan, Dorleta Kortazar kontalariaren gidaritzapean. Egunarekin amaitzeko, Cardelina kantautorearen musika emanaldiaz gozatzeko aukera izango da, 17:00etan, Bidegoxo jatetxea.
Bestalde, aurtengo jaialdiak Ipuin Narrazio Lehiaketaren 13. edizioa hartuko duela gogorarazi du Gorostiagak. Ostiralean ospatuko dute finala, 19:00etan hasita, Ordiziako D’Elikatuz gunean, eta bertan Asier Zubia, Urtzi Gorostiaga eta Maria Alonso del Val finalistetako batek eramango du kalabaza irabazlea. Lehiaketa «kontalarien harrobi bikaina» dela esan du koordinatzaileak.
Amaitzeko, jaialdia antolatzen lagundu duten babesle, partaide eta herritar guztiei eskerrak eman nahi izan du Gorostiagak: «Argi geratu da eskarmentuko jaialdia dela, publikoa fidelizatzen joan dela eta horrek kontalaritza imajinarioa zaintzeko beharra dagoela esan nahi du, gure arbasoekin loturak sortu, mitologia zaindu eta herri bezala batzen gaituen zerbait da, hizkuntza eta kontalaritza».