Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak antolatutako Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren V. Erakustaldia, Gnat Zinema Topic zentroan ikusgai izan den Territory filmaren proiekzioarekin amaitu da. Filmaren zuzendari Alex Galan izan zen atzoko saioan, eta ikusleekin partekatu zituen filmari buruzko gogoetak, proiekzioaren ondorengo solasaldi batean.
Aurtengo Gnat Zineman lau film izan dira ikusgai, bina Donostian eta Tolosan, eta orotara, 1.225 ikusle izan dira. Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok oso positiboki baloratu du bosgarren edizioaren harrera: «Gnat Zinema sendotu egin da zinemaren bidez ingurumena zabaltzeko erreferentziazko gune gisa. Publikoaren erantzun handiak erakusten du gero eta interes handiagoa dagoela gure ingurune naturala ezagutzeko, eta haren alde jarduteko. Horrelako ekitaldiak funtsezkoak dira gure gizartean kontzientzia ekologikoa eta jasangarritasuna sustatzeko».
Aurtengo Gnat Zinema Kantauri dokumentalarekin zabaldu zen. Bigarren egunean turismoaren eta naturaren arteko harremanari buruzko zineforuma izan zen Gringo Trails lanarekin; hirugarren egunean Fauna Ibérica dokumentalaz gozatzeko aukera izan zen, Alberto Redondo zuzendariaren parte-hartzearekin. Eta, guztia borobiltzeko, atzo Topic-en, Territory dokumentala izan zen ikusgai.