CMO esku pilotako kluben liga aurkeztu dute

Ataria 2025ko mar. 29a, 15:01

Txapelketan arituko diren pilotariak eta kluben ordezkariak. A. A. A.

Euskal Herriko hamasei klubek hartuko dute parte lehiaketan. Datorren astean hasiko da txapelketa eta ekainaren 22an jokatuko dute finala, Tolosako Beotibar pilotalekuan.

CMO esku pilotako kluben liga aurkeztu dute gaur goizean, Tolosako Usabal industriagunean. Aurretik egiten zen Berria txapelketaren jarraipen moduan aurkeztu dute lehiaketa berria, eta «zenbait berezitasun» izango dituela ere aurreratu dute. Euskal Herriko hamasei pilota klub lehiatuko dira txapelketa berri horretan eta pilotariek partidak binaka jokatuko dituzte, kantxa osoan.

Aurkeztu eta berehala emango dituzte lehen pilotakadak, hain zuzen, datorren asteburuan, apirilaren 6an, jokatuko baitituzte lehen partidak. Kanporaketa sistemaren bidez sailkatuko dira irabazleak: hamaseirenetan hasi, zortzirenak, laurdenak eta erdiak jokatu, eta finala ekainaren 22an egingo dute, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Azken partida hori, gainera, zuzenean emango du ETBk, laugarren katean.

Berritasun nagusiak
Antolatzaileek «berritasun nagusi» bat nabarmendu dute: partidak jokotan —edo setetan— banatuko dira. Nola, ordea? Bada, partida bakoitzak bi joko izango ditu eta hamar tanto egitera lehiatuko dira. Bikoteek bana irabaziz gero, hirugarren set bat egingo dute, bost tantora. Jabi Gelbentzu antolakuntzako kideak adierazi du «zerbait berria» egin nahi izan dutela: «Ukitu berezi bat eman nahi genion txapelketari; zerbait berria egin. Garrantzitsuena da jokoen sistema erabiliko dugula, set bidez izango dela».

Lehen jokoan zozketaz aukeratuko da sakatzailea, eta, bigarrengoan, errestatzen aritu denak izango du. Hirugarren joko bat egongo balitz, lehen setean sakatu duenak izango du sakea berriro. Horrez gain, talde bakoitzak atsedenerako tarte bat izango du joko bakoitzean. Materialari dagokionez, antolakuntzak jarriko ditu pilotak, guztiak gogorrak izango dira, eta soilik boteka probatu ahal izango dituzte. Txapelketa kadete, jubenil eta senior mailan jokatuko dute.

Txapelketa irabazten duen elkarteak 3.000 euro eta Lacturale enpresako produktuen zazpi sorta eskuratuko ditu; bigarren postua lortzen duenak, berriz, 2.000 euro eta Lacturale produktuen zazpi sorta; hirugarren klub onenak 1.000 euro jasoko ditu; eta laugarrenak, berriz, 500 euro.

Euskal Herriko hamasei klub
Pilota liga berri horretan Euskal Herriko hamasei klubek hartuko dute parte, hain zuzen, seina Gipuzkoatik eta Nafarroatik, hiru Bizkaiatik, eta bat, Arabatik. Gelbentzuren esanetan «balioa aitortu» nahi izan diete pilota klubei: «Berria txapelketan ere hartzen genuen parte, eta urtero sekulako ilusioarekin. Kluben lanari balioa eman nahi diogu, pilotariei ilusioa piztu. Beste txapelketa ezin izan zen antolatu iaz, sortzeak lan handia suposatzen baitu. Eta aurten lortu dugu».

Adierazpen horiekin bat egin du Jose Mari Mitxelenak, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako lehendakariak, eta gaineratu du «kluben kluba» izan nahi duela federazioak: «Kluben kluba izan nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da klubak indartsu egotea. Klubik gabe ez dago ez pilotaririk, ez euskal selekziorik, ez ezer. Klubak indartu eta babestu behar ditugu». Hari berari tiraka adierazi du «beste kiroletan egiten den bezala», pilotan ere «liga indartsu» bat osatu behar dela: «Euskal Herriko txapelketa indartsu bat egin behar dugu, eta horretarako elkarrekin egin behar dugu lan. Guztion artean seguru txapelketa indartsu eta polita aterako dela».

Bestalde,  CMOko Iker Diez arduradun nagusiak esan du «oso pozik» daudela txapelketa berri hori antolatu izanarekin: «Tolosarentzat aukera polita izan zitekeela pentsatu genuen. Oso pozik gaude hainbat kirol babesteagatik, zeinak pentsatzen dugun etorkizunera begira emaitza onak emango dituztela euskal kirolarentzat». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!