Autismoaren errealitatea herritarrei gerturatuko die Urdinduz ekimenak

Ataria 2025ko mar. 28a, 14:11

Pasa den urtean Gautena elkarteak Donostian antolatutako ekimenean herritar ugarik egin zuen bat.

Gautena elkarteak datozen egunetarako hainbat jarduera antolatu ditu herritarrak sentsibilizatzeko asmoz; ekitaldi nagusia apirilaren 6an egingo dute Urdinduz ibilaldia izango da.

Autismoaren errealitatea herritarrei gerturatu eta kontzientzia pizteko helburuz, Gautena Gipuzkoako Autismo elkarteak urtero Urdinduz ekimena antolatzen du. Ekimen hori, apirilaren 2aren bueltan antolatzen da, hau da, Autismoari buruzko Kontzientziaziorako Nazioarteko Egunaren bueltan. Bada, aurten, Tolosan egingo dute, eta udalaren laguntzarekin, hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Ekitaldi nagusia hurrengo igandean, apirilaren 6an egingo dute. Egun horretan Urdinduz ibilaldia egingo dute. Ibilaldia 11:30ean hasiko da Trianguloa plazan. Bertan, aurretik, Urdin bat, urdin anitz lelodun kamiseta urdinak egongo dira salgai. Lelo horrekin «autismoaren espektroaren barruan dagoen aldakortasun handia» adierazi nahi du elkarteak. Hala, elkartearen ideia da «marea urdin batek» Tolosako kaleak zeharkatzea. 1,5 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta Jun Da Jo txaranga eta erraldoi eta buruhandiak izango dituzte girotzen. 

Ibilaldia Trianguloa plazan amaituko dute, festa giroan, eta bertan jatekoa eta edatekoa izango da. Gainera, gaztetxoek aurpegiak margotu ahalko dituzte eta photocall bat ere izango da, «bertaratzen direnek eguneko oroigarri dibertigarria eraman ahal izan dezaten». Horretaz gain, Naturaren Doinuak proiektuak, kulturaren bidez gizartean eragin bat sortzea helburu duenak, Gautenari eskainitako Agian Infinitoa abestia aurkeztuko du, musika eta dantza uztartzen dituen tailer ireki batekin. Halaber, gaztelu puzgarriak egongo dira Alondegian. Eguraldi txarra eginez, gero, puzgarriak Herrikide ikastetxean jarriko dituzte.

Lehendabiziko ekitaldia igande honetan, martxoaren 30ean izango da. Egun horretan, Eserleku urdina ekimena burutuko dute, hau da, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egokitutako zinema-saioa. «Askotan, autismoa duten pertsonek zailtasunak izaten dituzte zinema-saio arruntetara joateko. Horregatik, oraingoan egokitzapen txikiak egingo dira, hala nola saioan argi ahula piztuta mantentzea, mugitzeko askatasuna egotea, bolumena murriztea edo iragarkirik ez izatea», azaldu dute elkartetik. Hala, Polican filma izango da ikusgai Leidorren, 17:00etan, gaztelaniaz.

Bestalde, ostegunean, apirilaren 3an, mahai ingurua egingo dute, Tolosako udaletxeko udalbatza aretoan, 19:00etan. Familia, profesional eta autismoa duten pertsonek beren esperientziak eta bizipenak partekatuko dituzte, eta elkartekoen arabera, «aukera ona izango da ikusarazten ari garen errealitatea lehen pertsonan ezagutzeko».

Hurrengo egunean, ostiralean, apirilaren 4an, bertso saio musikatua izango da, Fronton jatetxean, 19:00etan. Autismoa eta dibertsitatea mintzagai izango dituen jaialdia izango da, eta Beñat Gaztelumendi, Eli Pagola, Julio Soto eta Onintza Enbeita izango dira bertsolariak. Musikariak, berriz, Aner Peritz Euzkitze eta Libe Goenaga izango dira eta gai-jartzaile modura Maite Aizpurua ariko da.

Era berean, Urdinduz ekimenaren barruan, Aitor Benitez Benny artistak inklusioaren mural bat margotu du Alondegiko horma batean. «Irudiak unibertso anitz bat erakusten du, non elementu ezberdinak elkarrekin bizi diren».

Gautena elkarteak Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren laguntza eskertu du, ˝horri esker antolatu ahal izan baitugu egitaraua. Ezin dugu ahaztu herriko hainbat dendak eta enpresak eskainitako laguntza. Gure eskerrik beroenak ematen dizkiegu guztiei beraien babesarengatik».

 

  • EGITARAUA
    • Martxoak 30. Eserleku urdina: Polican filma, Leidorren, 17:00etan, gaztelaniaz.
    • Apirilak 3. Mahai ingurua, Tolosako udaletxean, 19:00etan. Autismoa dutenen eta bere ingurukoen bizipenak partekatzea.
    • Apirilak 4. Bertso saio musikatua, Frontonen, 19:00etan.
    • Apirilak 6. Urdinduz ibilaldia, Trianguloa plazatik 11:30ean abiatuta. Txaranga, buruhandi eta erraldoiak, photocalla, tailerra, puzgarriak...

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!