Arimaz Orkestraren kontzertua, apirilaren 6an

Ataria 2025eko martxoaren 28a

Tolosako Arimaz Kamera Orkestrak musika erlijiosoaren kontzertua eskainiko du San Frantzisko elizan, 19:30etik aurrera.

Igandean, apirilaren 6an, Tolosako Arimaz Kamera Orkestrak sakro kontzertua eskainiko du, San Frantzisko elizan, 19:30etik aurrera. Felipe Gorritiren Christus Factus Est, Agur Doloretako, Stabat Mater eta Adiós a la Santisima Virgen joko dituzte, eta  G. B. Pergolesiren Stabat Mater. Orkestrarekin batera, elkarlanean ariko dira Pilar Sanchez Utrera soprano madrildarra eta ahots altua egingo duen David Azurza Aranburu tolosarra. Zuzendari lanak Sara Litón Castillok egingo ditu.

Kontzertuaren lehenengo atala Felipe Gorritiren lanekin osatua egongo da. Agur Doloretako (1894) eta Stabat Mater lanak eskainiko ditu abesbatzak, hain zuzen, Tolosako Santa Klara komentuko mojentzat sortutako lanak dira biak. Agur Doloroteko abestian ahots altuak eta sopranok abesten dute elkarrekin. Mojek Andre Maria Doloretako Ama Birjinari abesten zioten erramu igandearen aurreko prozesioan, Nafarroako Zubian zeudela.

Stabat Mater bi ahotsetara eta organoaren laguntzarekin eskainiko dute eta oratorio bat da. Obra Javier Bello Portuk berrikusi zuen harizko instrumentuetarako eta orkestratutako bertsioan interpretatuko dute. Konposizio ederra eta tristea da, erritmo motelekoa.
 
Ama Birjinari agurra ere eskainiko dute. Tolosako San Jose de las Hijas de Jesús ikastetxean maiz abesten zuten joan den mendearen lehen erdian, bere Ama Sortzailearen jaiotza egunaren harira. Obraren bertsio orkestratua eskainiko dute.

Kontzertuaren bigarren atalean berriz, Giovanni Batistaren Stabat Mater lana interpretatuko dute.  Jacopone de Todiren testuari musika jarri dioten konpositore guztien artean Giovanni Battista Pergolesi italiarra nabarmendu behar da, zeinak, bere Stabat Mater-a idatzi zuen herriari historia sakratua hurbiltzeko helburuarekin. Bi zikiraturentzat eta koruarentzat konposatu zuen, hari-orkestraren eta klabezinaren laguntzarekin. Bere bertsioa, zalantzarik gabe, musikaren historiako txalotuenetako bat da. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!