«Kezka» azaldu dute kiroldegiko zenbait gunetan haur eta gaztetxoek mugikorra maiztasunez erabiltzeagatik

Ataria 2025eko martxoaren 27a

Altxa Burua guraso elkarteak, Tolosako Udalak eta Usabal Kiroldegiko kudeatzaileek, kiroldegian bertan azken hilabeteotan ematen ari den egoera baten inguruko «kezka» azaldu dute; irtenbideen artean, kiroldegian Gazte Topagunearen tankerako espazio bat sortzeko aukera jarri dute mahai gainean.

Teknologiaren erabilera egokia sustatu nahi duen Altxa Burua guraso elkarteak, Tolosako Udalak eta Usabal Kiroldegiko kudeatzaileek, kiroldegian bertan azken hilabeteotan ematen ari den egoera baten inguruko «kezka» azaldu dute: «asteburuetan, larunbat arratsaldetan, batik bat, haur eta gaztetxo ugari pilatzen dira tatamietan eta rokodromoko koltxonetetan, eta mugikorrarekin jolasten eta jaten aritzen dira». 

Kirola praktikatzeko eremuak izanik, kiroldegiko langileek «hori zuzentzeko ahaleginak» egin izan dituztela nabarmendu dute, baina arazoak bere horretan jarraitzen duela ohartarazi dute. «Kezka bakarra ez da instalazioen erabilera, baita mugikorraren gehiegizko erabilerari lotutakoa ere», adierazi dute.

Hori dela eta, irtenbideak topatu nahian, hiru aldeak bilerak egiten hasi dira. Hiru helburu finkatu dituzte: batetik, gazte eta gurasoei teknologiaren erabilera arduratsuaren inguruko kontzientzia piztea; bestetik, egoera horiek ekiditeko aisialdiari lotutako alternatibak sortzea; eta azkenik, kirola praktikatzeko eremu horien erabilera egokia bermatzea.

Azpimarratu dute azken urteetan gizartean «orokortu» egin dela «mugikorren gehiegizko erabilera», eta horrek «zuzenean» eragiten diela gaztetxoei. «Kontziente gara adin horretako gazteek ez dutela elkartzeko espazio estali ugari, bereziki negu partean», azaldu dute. Dena dela, alternatibak bilatzen hasi direla azpimarratu dute: «kiroldegian Gazte Topagunearen tankerako espazio bat sortzeko aukera jarri dugu mahai gainean, gazteen artean aisialdi osasuntsua sustatu asmoz. Haurrentzako parke moduko bat dagoen bezala, gazteei bideratutako beste bat sortzeko aukeraz hitz egin dugu. Ea zein aukera ditugun, forma ematen ahaleginduko gara». Bien bitartean, gurasoei arreta jarri eta kontzientziazio lanak egiteko deia luzatu diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!