Elkarrizketa

«Zuzenean egiten dudan soinua ezagutarazi nahi dut»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko mar. 27a, 15:00

Ander Zubillaga gitarra-jotzaile tolosarra bere disko berriarekin.

Ander Zubillaga gitarra-jotzaile tolosarrak 'Ander Zubillaga Live' zuzeneko diskoa argitaratu du; hori bai, lehendik pentsatu gabe. Donostian kontzertu bat egin, hura badaezpada grabatu, eta ondoren erabaki zuen disko formatura eramatea.

Ander Zubillagak (1990, Tolosa) fingerstyle estiloan doinuak ehunduz, rockaren pasioa, countryaren nostalgia eta bluesaren intentsitatea batzen ditu, arimarentzako musika berezia sortuz. Hala, Ander Zubillaga Live zuzeneko disko berria argitaratu berri du, hori bai, ezustean sortu du; Anderzubillaga.com webgunean dago eskuragarri. Disko honetan, atmosfera sakon eta murgiltzaileak sortzeko duen gaitasun nabarmena erakusten du gitarra akustiko eta elektrikoarekin.

Zergatik nahi izan duzu zuzeneko disko bat grabatu?

Batik bat, ezagutzen ez nautenek gitarra nola jotzen dudan entzutea nahi dut, zuzenean egiten dudan soinua ezagutarazi alegia. Hala ere, ezusteko bat izan da. Hasierako asmoa kontzertuan bi bideo grabatzea zen, Fly and leave eta Txoria Txoria kantuenak. Baina, sentsazio onak izan nituen emanaldian zehar eta oso gustura geratu nintzen azken emaitzarekin. Hortaz, saio berezia izan zenez eta kontzertu osoko soinua grabatuta genuenez, zuzeneko disko batean gordetzea erabaki nuen, nahiz eta nire asmoa hori ez izan.

Ez zen nolanahiko erabakia izango, beraz.

Ez. Oso pozik nengoen eta oso ondo pasa nuen. Nire buruari egindako opari bat da, nire urtebetetze egunean –atzo– argitaratu nuelako. Zuzeneko kontzertua oso berezia izan zen, betirako oroituko dudana.

Zuzeneko disko bat grabatzeak, berez, zailtasun handia du, lehen aldian grabatzea bezala delako. Kasu honetan, gerora hartutako erabaki bat izan da.

Kasik, hobeto, bestela ideia hori buruan bueltaka izango nuen. Bideoan grabatzeko kantuetan aurrez nekien ezin hobe egin behar nituela, baina gainerakoak presio handirik gabe jo nituen. Orain, diskoa entzutean, kantu horietan ziur entzuleek ez dituztela akatsak nabaritzen, baina badaude batzuk. Hori ere badute zuzeneko diskoek, eta ni horien zale amorratua naiz. Edozein talde ezagutu nahi dudanean, zuzenean nolako soinua duen entzuten saiatzen naiz.

Zuk, zuzeneko saioetan bakarrik arituta ere, talde oso baten soinua lortu dezakezu.

Gitarra soilik erabiliz, gitarraren soinuaz gain, perkusioaren, biolinaren edota beste instrumentu batzuen soinuak lortu ditzaket. Soinu horiek grabatu eta ondoren igortzeko aukera ematen duen looper gailuari esker, soinu bat baino egin ditzaket, ondoren guztiak batera entzuteko. Geruza desberdinak sortu eta uztartzen ditut.

Itsasoan elurra nire lehen diskoa talde batekin grabatu nuen, baina gero bakarka aurkeztu izan dut. Horregatik, publikoak zerbait desberdina entzun du. Hala ere, saio horietan talde itxura ematen saiatu naiz, lehen aipatutako baliabideekin. Horrela, atmosfera berezi bat sortzea lortu dut.

Gogoan dut lehen kontzertua egin nuenean bertan egon zen ikusle batek esan zidala tentsio handia izan zuela saio guztian zehar, etengabe pedalak zapaltzen ari nintzela ikusita. «Badirudi dantzan ari zinela», esan zidan. Akaso hori da ikusleak izan dezakeen sentsazioa, baina nire asmoa da sentsazio hori denborarekin ezabatzea, eta zerbait erraza egiten ari naizenaren itxura ematea, eta esango nuke pixkanaka lortzen ari naizela.

Zure lehen diskoko bost kantu biltzen ditu bigarren disko honek. Guztira, hamar abesti dira.

Gainerako bostetatik lau bertsioak dira. Bestea, berriz, berria da: Fly and leave. Kontzertu nahiko motza izan zen; 45 minutu nituen. Ez zen erabaki erraza izan errepertorioa aukeratzea.

Donostiako Dklub aretoan egin zenuen zuzenekoa. Nola gogoratzen duzu kontzertua?

Egun oso berezia zen, nire idoloetako bat den Diego Garcia Twanguero son handiko gitarra-jotzaile valentziarraren aurretik aritu nintzelako. Oso ona da fingerstyle estiloan, eta bere musikak eragina izan du nigan. Berarekin egoteko aukera izan nuen, baita berarekin batera jotzekoa ere. Kontua da bira bat egiten ari zela eta Donostian jo behar zuela. Bere kontzertuaren aurretik saio bat egiteko eskaintza jaso nuen aretoko kideen partetik. Sekulako poza sentitu nuen. Areto handia da eta, egun horretan, bertaratu zirenek bikain erantzun zuten. Amaieran, gainera, disko pila bat saldu nuen. Gozamen hutsa da horrelako publikoaren aurrean aritzea.

Euskal Herriko hainbat talde ezagunetan parte hartu izan duzu. Hala ere, azken urteetan, bakarkako bidea egiten ari zara. Zure tokia topatu duzula esango zenuke?

Talde askotan jo izan dut, eta hala egiten jarraitzen dut, baina beti nuen buruan bueltaka zerbait propioa edo nirea egin nahi nuela. Tamalez, gaur egun oso zaila da kontzertuetatik errentagarritasuna lortzea, are gehiago, atzetik talde bat daukazunean. Ondorioz, bakarka aritzea erabaki nuen. Hasieran bertigo handia sentitzen nuen, inoiz ez nintzelako bakarrik aritu; looper-a erabiltzeko, gainera, kontzentrazio handia behar da. Hala ere, azken urtean 20 kontzertu baino gehiago egin ditut, eta oso gustura sentitu naiz. Orain oso eroso nago, eta garbi daukat hau dela egin nahi dudana. Gainera, jendeak gustuko duela jakiteak gehiago asetzen nau.

Kantu berriak sortzeko zailtasun handirik ez duzu behintzat, eta ziur melodia berriekin jolasean zabiltzala.

Hala da. Diskoa aurkezteko kontzertuak egingo ditut orain, udaberrian, baina udan nire asmoa konposizioaren bidea berrartzea da nire asmoa. Ez naiz erraz konposatzen duen musikari bat kontsideratzen, baina oso gustuko dut. Milaka abesti jo ditut, eta zer akorderekin nolako melodia egin erabakitzea izaten da zailena niretzat. Ez dut bide errazena hartu nahi izaten, betiko doinuak ekiditen saiatzen naiz, eta esango nuke horrek zailtzen duela nire konposizio lana.

Lan berria aurkezteko kontzertuak egingo dituzu datozen asteetan. Gehienak tabernetan izango dira. Arrazoiren bat dago horren atzean?

Kontzertuak lortzea ez da batere erraza. Egia esan, zortea daukagu, oraindik taberna eta lokal batzuetan maiz antolatzen dituztelako kontzertuak. Lehen ere aritu izan naiz orain ariko naizen zenbait lekutan. Bakarka aritzean, gainera, askatasun handiagoa dut leku txikiagoetan jotzeko. Gertutasuna sentitzen dut, eta zenbait kasutan, feedbacka jasotzeko aukera ere ematen dut. Orain nire nahia kontzertuak egitea da.

Eta nola aurkezten da zuzeneko disko bat zuzenean?

[Barreak] Diskoko kantuak joko ditut, baita bestelako kantu gehiago ere. Azken finean, jendeari egiten dudana aurkezteko zerbait eduki nahi nuen.

Oraindik ez dugu esan, baina non erosi ahal izango da diskoa?

Oraingoz, aurre-salmentan erosteko aukera izan da, eta erantzun oso ona izan du. Disko ugari bidali ditut Euskal Herriko txoko desberdinetara. Diskoaren aurkezpen kontzertuetara gerturatuz gero, bertan egongo da erosteko aukera, eta Anderzubillaga.com webgunean ere eskatu daiteke.

Oraindik saltzen al dira diskoak?

Badakit gaur egun ez dela erraza diskoak erostea, horiek erreproduzitzeko geroz eta gailu gutxiago ditugulako, baina musikari edo artistei laguntza emateko modu onena da, batez ere, txikienei. Izan ere, plataformek ez dute inolako laguntza ekonomikorik ematen.

Aurkezpen kontzertuak:

  • Martxoak 27, osteguna. Donostia. 19:30. San Martin merkatua.
  • Martxoak 28, ostirala. Iurreta. 20:30. Korta taberna.
  • Apirilak 6, igandea. Legazpi. 13:00. Karibe Zaharra taberna.
  • Apirilak 12, larunbata. Irun. Cafe Irun taberna.
  • Ekainak 27, ostirala. Zumarraga. 19:30. Huts taberna.
Erlazionatuak

«Zuzeneko diskoen zale amorratua naiz»

Josu Artutxa Dorronsoro mar 27 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!