CuadraBus enpresak 2024ko irailean kaleratu zuen Ixa Pellus autobus gidaria; Tolosako Hiribusa zerbitzuan lan egiten zuen, eta ostiralean du epaiketa. Bera kaleratzean, Isidoro Sistiaga eta Eneko Blanco gidariek baja hartu zuten, «gehiegizko lan kargaren ondoriozko estresagatik». Bihar, mozio bat aurkeztuko dute Tolosako udaletxean, martxoko osoko bilkuran.
Ixa, azalpen eske sindikatura jo, eta kaleratu egin zintuzten. Zer gertatu zen?
Ixa Pellus: Irail hasieran izan zen. Ni Hiribusean ari nintzen lanean, eta ordutegi arrunta nuen; erreleboka aritzen ginen, astero txandakatuz. Ikasturtea hastearekin batera, baina, zerbitzua areagotzeko ardura hartu zuen enpresak, bai Donostian, baita Tolosan ere, ikastetxeetako autobus zerbitzua gehituz, eta hori guk egin behar genuela esan zuen. Egoera jasanezina zen. 15 orduz aritzen ginen lanean; lo egiteko ere ez genuen ia astirik.
Orduan, enpresarekin harremanetan jarri nintzen, ea gidari falta zegoen jakiteko. Ezetz erantzun zidaten; horrela moldatu behar genuela, eta ikasturte osorako. Ez zuen inolako zentzurik. Lankide batekin hitz egin nuen, eta sindikatura joatea erabaki genuen, informazio bila. Handik lau egunetara, kaleratzeko paperekin etorri zitzaidan nagusia. Bere aitzakia izan zen aspalditik bajan zegoen gidari bat lanera itzuli zela, eta orduan, gidariak soberan zituztela. Kontua da nik kontratu iraunkorra nuela, eta ez zegoela lotuta inoren bajarekin. Urtebete neraman enpresan, eta kaleratzeko merkeena nintzen.
Zein arazo izan zenituzten CuadraBus enpresarekin?
Pellus: Gure baldintzak normalak ziren. Kontua da kontratuan adostutako orduak ez zirela betetzen. Batzuetan, erreleboa hartu behar zidan lankidea beste zerbitzu bat ematera bidaltzen zuten, eta ondorioz, nik ordu estrak egin behar izaten nituen. Gainera, larunbatero lan egiten hasi nintzen. Beraz, baldintzak okertzen hasi ziren. Gertatu izan zaigu baita ere lanaldi osoa segidan egitea, bazkaltzeko tarterik gabe. Bidaiariek ekartzen zizkiguten pintxoak jaten genituen.
Ixa kaleratzeaz gain, zuek baja hartu zenuten «gehiegizko lan kargaren ondoriozko estresagatik». Ezintasun egoeran zeundeten?
Eneko Blanco: Ixa kaleratu zutenean, kromo aldaketa bat egin zuten, bajan egon zen lankidea itzuli zelako. Guk, baina, lan gehiago egin behar genuen. Langile falta zegoen enpresan, eman nahi zituen zerbitzu guztiak eman ahal izateko. Tolosan gidari bat falta zen, denera hiru izateko, eta ikastetxeko autobus zerbitzua eman eta Hiribuseko bi txandak egin ahal izateko. Isidoro eta biok bakarrik gelditu ginen, Tolosako eta Donostiako ikastetxeetako eta Hiribuseko autobus zerbitzuak emateko.
Pellus: Beraien egoera askoz okerragoa zen. Izan ere, asteburuetan, bidaiak izaten zituzten, Bedinormera, adibidez. Bestetik, Renferen zerbitzuetan izandako mozketak tarteko, zerbitzu gehigarria eman behar izan zuten. Zenbait astez ez zuten jaiegunik ere izan.
Zuek noiztik zaudete enpresan lanean?
Isidoro Sistiaga: 2018tik. Tolosaldea Bus enpresaren grebaren ondoren, udalak kontratatu ninduen. Geroago, CuadraBuseko langile izatera igaro nintzen.
Blanco: 2021etik. Hiribusak izandako istripu ezagunaren ondoren, zerbitzu horretan lan egiteko aukera eskaini zidaten.
2018tik kudeatzen du enpresak Hiribus zerbitzua. Baldintzen okertzearena hasieratik eman da edo azken urteko joera izan da?
Pellus: Nire kasuan, azken urteko joera izan da. Beraiek, ordea, lehendik pairatu dute.
Blanco: Urteetako kontua da, baina azken boladan okerrera egin du.
Tartean, Tolosatik kanpoko gidariak ekarri ditu enpresak, ezta?
Blanco: Bizkaitik eta Arabatik ekartzen zituzten gidariak, baina beste batzuk ordezkatuz, eta ez enpresara gehituz. Ondorioz, ordu gehigarri asko egiten genituen.
Pellus: Hiribuserako kontratatu zuten gidari bat Gernikatik etortzen zen egunero.
Blanco: CuadraBusekin zerikusirik ez zuten beste enpresa batzuetako gidariak ere etortzen ziren: Lurraldebus, Aizpurua, Dbus...
Pellus: Egun bateko kontratuak egiten zizkieten. Azken finean, adabakiak jartzen aritu ziren. Beraiek jarritako aitzakia, langile bat soberan zegoenarena, ez zen existitzen.
Horrek guztiak zerbitzuan eragina izan du eta herritarrak kexatu izan dira, ezta?
Pellus: Ikaragarri okertu da zerbitzua. Bidaiariak beldurrez egoten ziren, lanera iritsiko ote ziren ala ez, etortzen ziren gidarietako batzuek ez zutelako herria ezagutzen, eta berandutu egiten zirelako. Gainera, istripu pare bat ere izan dituzte.
Sistiaga: Aldaketa ugari gertatu dira, eta etorri izan diren gidariak tentsio handiz aritu izan dira lanean, ez-jakintasunagatik. Hala, lau langilek utzi zuten lana.
Bidaiariekin bilera bat ere egin zenuten. Zer erantzun jaso zenuten?
Pellus: Oso ona. Bestela, kalean bidaiari askok geratu izan naute, kexatzeko. Kexa batzuk nahiko kezkagarriak dira, batez ere, segurtasun aldetik.
Ixa, Trianguloa plazako mobilizazioan esan zenuen zerbitzua publikoa izanik, ezinbestekoa dela kalitatezkoa izatea.
Pellus: Zalantzarik gabe, eta oraindik ez da horrela. Enpresak gidari berriak ekartzen jarraitzen du, herria ezagutzen ez dutenak. Inauterietan, adibidez, zerbitzu berezia jarri zen, eta batzuek ez zekiten ibilbidea ondo. Hori ez da langileen utzikeriagatik.
Sistiaga: Enpresa bera Amurriokoa da, eta ezbeharren bat gertatuz gero, ez dago baliabiderik. Gidaria bakarrik dago. Mugi txartela irakurtzeko gailua izorratuz gero, Donostiara eraman beharra daukagu konpontzera, enpresak ez daukalako mantenurako zerbitzurik kontratatuta. Hilabete inguru egon izan gara gailurik gabe.
Pellus: Hiribusak matxuraren bat izaten badu, ez dago mekanikaririk hori konpontzeko. Gidariak atera behar izaten ditu babak heltzetik. Lehen urteetan, Hiribusa gasolindegi batean egon da aparkatuta.
Sistiaga: Aldagelarik eta pabiloirik gabe egon ginen. 2021az geroztik, Usabal industriagunean daukagu pabiloia.
Pellus: Baina autobusa garbitzeko eta kargatzeko makina bana daude, besterik ez.
Izan al du erantzunik elkarretaratzeak?
Pellus: Enpresak ez digu jaramonik egin.
Eta nolako harremana izan duzue udalarekin?
Pellus: Maiz egon gara kontaktuan, baina, teknikoki, prozedurak beti izaten dira mantsoak. Beraiek adierazi digute egoera konpontzeko nahia, baina oraindik zain gaude. Oraingoz, mozio bat aurkeztuko dugu, bihar, udaleko osoko bilkuran.
Zer eskatuko duzue mozioan?
Sistiaga: Ixak bere lanpostua berreskuratzea, eta hirurok Hiribuseko zerbitzuari zuzenki lotzea, bidaiariek hala eskatzen dutelako. Eta noski, eskubideak ez urratzea eta baldintzak betetzea.
Pellus: Ea enpresa behingoz jabetzen den Tolosan kalitatezko zerbitzua bermatu behar duela, herriak merezi duelako.
Blanco: Eta posible da, horretarako baliabideak dituelako.
Zein izan daiteke egoera honen konponbidea?
Pellus: Kudeaketa erabat publikoa izatea, eta udalak beregain hartzea. Badakit ez dela erraza, baina onena da.
Sistiaga: Udaletxeak kontrolatu beharko luke zerbitzua. Enpresak ez ditu betetzen 2018an zerbitzua esleitu zenean hitzartutako zenbait baldintza.
Pellus: Geltokietan panelak jartzea, adibidez. Hiribusa bera beste zerbitzu batzuetarako ere erabili du enpresak, eta lotsagarria da zerbitzu publikorako ibilgailu batekin dirua lortzea.
Zuk, Ixa, baliogabeko kaleratzea eskatu zenuen eta etzi daukazu epaiketa.
Pellus: Ez da erraza izango. Gaur egun, epaileak ez dira bustitzen, eta enpresak indar handiagoa izaten du langileak baino. Nik nire baliabideak erabiliko ditut. Nire lanpostua dela eta hori galtzeko ez dudala ezer egin aldarrikatuko dut, baita hori mantentzea nire eskubidea dela ere. Eskerrak eman nahi dizkiet lankide eta erabiltzaileei, eman didaten babesagatik.
Blanco: Bidegabekeria bat da. Gutxi gara, denok daukagu galtzeko asko, baina ezin dugu bere horretan utzi.