Martxoaren amaieran Bellota pabiloiaren alokairurako kontratuaren indarraldia amaituko da, eta udalak ez du berrituko. Karrozak bertatik ateratzeko lanak amaitu berritan, «gardentasun ariketa bat» egin eta datuak azaltzearekin batera, erabakiaren arrazoiak azaldu ditu udal gobernuak, baita orain arte Karrozen Elkartearekin zein bide egin den ere. Argitu du Inauterietan egiten duten ekarpena «garrantzitsua» dela, eta «laguntza ematen jarraitzeko asmoa» duela, «baina norbere ardurak hartzea ezinbestekoa» dela.
2017. urtetik alokatu du udalak Usabal industriagunean kokatuta dagoen Bellota pabiloia. Kontratu hori udalaren izenean dago, eta erabilera zuzena egiten ez duen arren, bere gain hartzen ditu ardura guztiak, baita alokairuaren kostu osoa ere, herriko beste edozein elkarte edo eragilerekin ez bezala.
Udalaren helburu nagusia «eredu hori gainerako elkarteekin parekatzea» da. «Hau da, karrozen elkarteak dagozkion ardurak hartzea, eta guk horretarako laguntza ematea. Horrela lan egiten dugu herriko gainerako eragileekin, eta ulertzen dugu karrozen elkartearekin ere berdin egin beharko litzatekeela», azaldu dute.
Udalak lagapenak egiten ditu bere jabetzakoak diren lokalen erabilerarako: auzo elkarteei, kirol klubei, eragile sozialei, kultur elkarteei… Topic edo Emeterio Arrese dira horietako bi. Eraikin horien erabilera egiten duten elkarteek, baina, beren gain hartzen dituzte ardurak, baita eraikina bera egoera onean mantentzeko ardurak ere. Trukean, udalak diru laguntzak ematen dizkie, eta inolaz ere ez ehuneko ehuneko estaldurarekin.
Erabilera «okerra»
Udalaren ustez, eredu horrek «talka» egiten du Bellota pabiloiari eman zaion «erabilera okerrarekin», eta hala azaldu du: «Zabor ugari dago pilatuta lurrean: edariak, egurrak, pneumatikoak, pintura, gasolina poteak… Hondakin horietako batzuk trataera berezia behar dute edota arriskutsuak dira. Hori gutxi ez, eta karroza batzuk Asteartita gauean utzi bezala egon izan dira urte osoan zehar, hurrengo inauterietako lanketa hasi bitarte: barruan edalontziak beteta eta zaborra pilatuta uzteraino. Parrandarako ere erabili izan da tarteka. Azpimarratu behar da gutxi batzuk beren karroza txukun utzi izan dutela».
Azken egunotan, egoera hori «hobetu» dela esan du udalak, «behin baino gehiagotan txukuntzeko eskatu eta gero», Bellota hustu eta leku aldaketa egin ahal izateko «beharrezkoa» zelako. «Karrozen barrualdea jaso da; ez, ordea, inguruko hondakinak. Zer pentsa ematen du zer dela eta egin den lan hori orain, bertatik atera aurreko azken egunetan, eta ez orain arte bertan izan diren denboran. Izan ere, atzera eginda, bestelakoa zen egoera, bideoan ikus daitekeen moduan».
Udalak esan du ezin duela «inolaz ere» egoera hau onartu bere ardurapeko eraikin batean. «Mila bider eskatu izan zaio elkarteari hori zaintzeko, gutxienekoa baita: ezeren truke uzten den leku bat ondo erabili eta mantentzea. Eta hor azaleratzen da berriro ere ardurak hartzeko beharra. Ezin genezake irudikatu portaera bera norbere jabetzako edo ardurapeko eraikin batean. Ez eta antzerako egoera udalak beste eragile batzuei utzitako eraikinetan ere. Esan gabe doa, alokairuaren kontratua amaitzera doan honetan, jaso moduan itzuli behar diogula eraikina jabeari. Horretarako, gure gain hartu ditugu garbiketa sakon bat egiteko zerbitzua –gaur goizerako dena garbitu da– eta bestelako kalteak konpontzeko lanak», azaldu du.
Gastu ekonomikoa
Arrazoi nagusiena ez den arren, alor ekonomikoak ere badu bere garrantzia. Udalak diru asko bideratzen du karrozetara, inauterietako aurrekontu osoaren herena baino gehiago. Jarraian, 2023ko (155.961 euro) eta 2024ko (134.045 euro) gastuak, xehatuta.
Karrozak: gastua 2024 |
Karrozak: gastua 2023 |
||
Bellota: alokairua |
90.000 € |
Bellota: alokairua |
90.000 € |
Dirulaguntzak (45.000 eurotik) |
29.935 € |
Dirulaguntzak (45.000 eurotik) |
30.015 € |
Bellota: argindarra |
2.362 € |
Bellota: argindarra |
3.058 € |
Bellota: zaintza |
3.434 € |
Bellota: zaintza |
3.434 € |
Elektrifikaziorako guardia zerbitzua |
2.280 € |
Elektrifikaziorako guardia zerbitzua |
3.698 € |
Dunperren alokairua |
2.800 € |
Elektrifikazioa inbertsioa |
14.400 € |
Istripuen gastuak |
850 € |
Dunperren alokairua |
3.973 € |
Hondakinen kudeaketa |
1.509 € |
Istripuen gastuak |
1.800 € |
Bestelakoak |
875 € |
Hondakinen kudeaketa |
4.562 € |
Bestelakoak |
1.021 € |
||
Guztira |
134.045 € |
Guztira |
155.961 € |
Ikus daitekeenez, Bellota pabiloiaren alokairua da gasturik handiena: 90.000 €. Alokairuaz gain, eraikinari lotutako gastu gehiago ere badaude: argindarra, inauterietako zaintza zerbitzua edota hondakinen kudeaketa. «Istripuak izan diren kasuetan ere –auto bat baino gehiago kolpatu izan direla adierazi du udalak–, inor erantzule egiten ez zenez, guk hartu behar izan ditugu gure gain gastuak», gaineratu du udalak.
Historikoki beste «zama» bat ere bere gain hartzen duela esan du udalak, gastu horietan islatzen ez dena: «Bellota alokatu aurretik Delta pabiloian egoten ziren karrozak, harik eta 2017an propio piztutako bi sutek kalte handiak eragin zituzten arte. Ondorioz, 100.000 eurotik gorako indemnizazioa ordaindu behar izan zion udalak jabeari, eta sententzia horren ondorioz, asko hazi da udalak ordaindu behar izaten dituen aseguruen kostua.
Herriko beste edozein elkarteren egoera kontuan hartuz gero, kontzeptu horiek ez ditu bere gain hartzen udalak. «Diruz laguntzen ditugu, gutxienez gastuen erdira arte».
Kopuruetan sakonduz gero, karrozetara bideratzen den diru kopurua, handiagoa da urte osoan zehar aktibo dauden elkarte askori diru laguntza bidez ematen zaiena baino. «Ideia bat egin eta testuingurua ematearren, pare bat adibide: Tolosako Ekinbide Etxeak 106.000 euro jasotzen ditu urtean, kultur egitasmo guztiak antolatzeko eta Topic kudeatzeko; bestetik, Tolosa CFk, dituen sail guztietarako, 105.000 euro. Auzo elkarteek, berriz, kopuru askoz ere txikiagoak. Elkarte horiek bere ardurak hartzen dituzte, baita erabiltzen dituzten eraikinak ondo zaindu ere. Beste gastuetarako autofinantzatu egiten dira: diru-sarrerak handitzeko ekitaldiak, kuotak, babesleak…».
Herriaren eta udalaren kudeaketaren ikuspegi orokor batetik, «oreka bat bermatu» behar dela esan du udalak. «Eta, lehentasunak finkatzerakoan, urte osoko ekarpenari eman behar zaio balioa».
Udalaren proposamenak
Norabide horretan honakoa proposatu du udalak: Karrozen Elkarteak alokatzea Bellota, eta udalak diru laguntza ematea alokairua eta beste gastu batzuk ordaindu ahal izan ditzan. «Elkarte sortu berria, gazteek osatua eta guztiz saretu gabea dela ulertuta, lehen urtean, alokairuaren %100eko diru laguntza ematea proposatu zitzaion elkarteari, barne antolaketarako, eginkizunak barneratzeko eta saretze lanerako denbora emateko. Ondorengo urteetan, aldiz, diru laguntza progresiboki txikitzea: %70 bigarren urtean; eta %50ekoa hirugarren urtetik aurrera. Inoiz ez hortik beherakoa. Pertsona askoko taldea izanik –500 lagunetik gora— antolaketarako eta autofinantzaketarako aukerak badituela ondorioztatzen da. Baina elkarteak uko egin dio, inork ez duelako ardurarik nahi. Berriz diogu: horrela funtzionatzen dute herriko talde guzti-guztiek».
Ibilgailu homologatuak
Bada iaz mahai gainean jarri zuen beste aukera bat: ibilgailu homologatuak alokatzearena. «Kontuan izan behar da gaur egungo karrozek ez dutela homologaziorik. Horrek garraiorako arazo ugari sortzen ditu, ez direlako seguruak eta ez dutelako araudia betetzen. Juridikoki ez dute inolako babesik, eta udaleko sail bat baino gehiagok hori urtero azpimarratzen du».
Ibilgailu homologatuak alokatzeko aukera «bi arrazoirengatik» proposatu zuen udalak: «alde batetik, garraio eta segurtasun oztopoak gainditu eta autonomia irabazteko, eta, bestetik, alokairu hori soilik epe jakin baterako egingo litzatekeelako; karrozak prestatzeko denbora tarte bat egongo litzateke, eta erabilera egin ondoren, desmuntatzerako beste tarte bat. Horrek esan nahi du, urteko gainerako hilabeteetarako ez legokeela eraikin baten beharrik, soilik erabilera egingo den denbora tarterako. Egoera guztiz aldatuko luke horrek, eta kostuak ere askoz ere txikiagoak lirateke».
Udalak esan du bide hori aztertzen hasteko aukera «aspaldi» jarri zuela mahai gainean, baina Karrozen Elkarteak «ez zuela onartu». Gerora, «iritziz aldatu eta jorratzeko prestatutasuna» azaldu zuela esan du udalak, «baina epe luzera». «Lastima, aurtengo inauterietan probaren bat egiteko aukera galdu baita. Dena dela, etorkizunera begira, bide horretan sakontzeko aukerari eutsiko dio udalak, hor izan daitekeelako etorkizunera begira karrozen presentzia bermatzeko bideetako bat».
Orain, zer?
Hori egin bitartean, Olarrain auzoko orube batean gordeko dituzte karrozak, lursailaren jabearekin hitzarmen bat egin eta gero. «Ez da aire librean izan diren lehen aldia; oraingoan, ordea, lona batzuekin tapatuko ditugu, hondatu ez daitezen eta segurtasun handiagoa izan dezaten», esan du udalak. Aste honetan egingo ditu brigadak lan horiek. Bien bitartean, Karrozen Elkartearekin lanketan jarraituko duela adierazi du udalak, «bakoitzak, dagokion arduratik, irtenbide bat emateko».
Udalak aitortu du «karrozak aire librean utzi izana egotzi» izan zaiola, baina nabarmendu du ez dela «alde bakarreko erabakia» izan: «Guk ere jarri dugu aukera hori horrela izan ez zedin, eta prestutasuna dugu bidelagun izateko, baina kontrako erantzunak jaso ditugu behin eta berriz. Finean, ardurak hartu nahi ez izatearen ondorio ere bada egoera hau».
Udalak «argi» utzi nahi izan du honakoa: «ezin dugu ardura totala izaten jarraitu, eta ezin dugu hau guztia ikusita ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu. Guk dena eginda ematearena, udal baten funtzioaren inguruko uste okerra da. Erabakia denen gustukoa ez izan arren, ez du esan nahi beharrezkoagoa ez denik. Eta ikuspegi horrekin bat egiten dute, udal gobernuak ez ezik, inauterien antolaketan parte hartzen duten sailek ere».
Udalak esan du «karrozak desagertzeko nahia» ere «egotzi» izan zaiola. «Inauteriak bizitzeko norbere modu eta gustuak alde batera utzita, karrozak ere inauterien funtsezko osagai dira, jende askorentzat inauteria ulertzeko modu bat. Eta udalak beren presentzia bermatu nahi du. Baina ezin du edonola egin: udal bati, besteak beste, segurtasun eta bizikidetza irizpideak betetzea ere badagokiolako. Bide horretan, laguntza emateko prest izango da beti».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!