Uzturre Foroa (Uzturre Foroa Elkartea - Tolosaldea. Egungo gizartearen erronkak eta lehentasunak da elkarteen erregistroan izena emandako izen osoa) aurkeztu dute, eta duela 20 urte baino gehiago Tolosan egin zen ekimen baten lekukoa hartzen duen elkarte berri gisa definitu dute.
Jokin Bildarratz Tolosako alkate ohia eta elkarteko bozeramaileak azaldu du elkartearen izena tolosar buruzagi abertzale historikoak (1912-1993) utzitako legatuari dagokiola. «Uzturrek bere belaunaldiko kideekin batera oso momentu zailak bizi izan zituen, baina ahotsa altxatu eta errebelatu egin zen nolabait. Gure ardatza eta iparra da giza duintasuna eta printzipio demokratikoak defendatu zituelako, eta beraz, horiek defendatzea guretzat ere ezinbestekoa da».
Uzturre Foroa Tolosalde mailako erakundea izango da, eta eginkizun nagusia egungo gizartearen erronkei eta lehentasunei buruzko eztabaidak, hausnarketak eta ekarpenak egitea izango dela zehaztu du Bildarratzek: «Gaurkotasunezko gizarte eta politika gaiak jorratuko dira, bai globalak, nazio mailakoak, tokikoak edota eskualdekoak, gure gizartearentzat oraina eta etorkizuna dakarten erronkak islatzen dituztenak, Europaren eta europeismoaren erronka eta lehentasunen esparruan».
Helburu horrekin, hitzaldiak, elkarrizketak, mahai-inguruak, jardunaldiak, kongresuak eta «interes handiko beste edozein jarduera dibulgatzaile» antolatzeko asmoa dute. Jarduera horiekin, «nazionalismo demokratikoaren memoriari eta helburuei buruzko pedagogia sozial eta politikoa» bultzatu nahi dute, «bere ibilbide historikoaren eta gure gizartearentzat lortutako lorpenen ikuspegia emanez». .
Halaber, hausnarketa, prestakuntza, deliberazio eta parte hartze sozialerako guneak eraiki nahi dituzte, «pluralismoaren defentsan oinarritutako kultura politikoa sustatzeko, eta iritzi aniztasuna eta, nola ez, adierazpen askatasuna kontuan hartuta, politika eta gizartearen arteko harreman hori gardentasun osoz garatuz». Horrez gain, etorkizunean prestakuntza ikastaro eta jardueren eskaintza sustatzea eta herritarrek parte hartzeko dinamikak antolatzea, eta edozein esparrutako erakundeekin lankidetzan aritzea ere aurreikusi dute.
Ekitaldiak antolatzen joango dira eta dagoeneko lehena iragarri dute. Hurrengo asteartean, apirilaren 1ean, Gure herriaren erronkak eta lehentasunak izenburupean hitzaldia izango da, 19:00etan, Topic-en. Bertan izango da asteburu honetan Eusko Alderdi Jeltzaleko buru izendatuko duten Aitor Esteban. Pilar Insausti kazetariak gidatuko du elkarrizketa. «Asteartean bertan Aitor Esteban gurekin egotea aukera ona dela uste dut Tolosarentzat, Tolosaldearentzat, eta baita euskaldunentzat ere», gaineratu du Bildarratzek, interesa duen herritar oro gonbidatuz. Foroaren inguruko informazio gehiagorako Uzturreforoa.eus webgunea izango dute eskura herritarrek.