ELKARRIZKETA

«Askatasuna da lan bakoitzean iradoki nahi dudana»

Aitor Arroyo Askarai 2025ko mar. 29a, 07:58

Olatz Aguado artista, Azpeitiko tailerrean. A.A.A.

Apirilaren 13ra bitarte egongo da ikusgai Tolosako 3 tabernan Olatz Aguado artista azpeitiarraren erakusketa; 60. hamarkadako Enciclopedia de la mujer liburuetatik abiatuta sortu ditu artelanak.

Txoria nuen maite. 1960an argitaratu ziren Enciclopedia de la mujer liburuak abiapuntu, hainbat artelan osatu eta Tolosako 3 tabernan jarri ditu ikusgai Olatz Aguado Aranburu artista azpeitiarrak. «Era poetiko eta umore puntu batekin» saiatu da liburuan azaltzen direnen «kontrako mezu bat» sortzen. Apirilaren 13ra bitarte egongo dira obrak ikusgai. Azpeitiko tailerrean azaldu du, besteak beste, zein diren sortzeko prozesuaren nondik norakoak.

'Txoria nuen maite' du izena. Nondik dator?

Mikel Laboaren Txoria txori kantuak beti lagundu izan dit; soinu banda moduko bat da nire bizitzan. Lehenago edo beranduago, modu batera edo bestera, baina beti azaltzen da. Eta hauxe da beste agerpen bat.

Lana sortzeko abiapuntu izan dira bi liburu Enciclopedia de la mujer, lehen eta bigarren alea; Francoren garai aurrekoak dira —eta oraindik Amazonen ere saltzen dira—. Nire eskuetara iritsi ziren eta barruak mugitu zizkidan. Era poetiko eta umore puntu batekin saiatu naiz kontrako mezu bat sortzen. Eta hortik lotura: txoria nuen maite; askatasuna da lan bakoitzean iradoki nahi dudana. Edozein pertsonaren izaera eta adierazteko askatasuna.

Zergatik da garrantzitsua, oraindik, hori ikusaraztea?

Iradokitzeko joera dut. Ez zait gustatzen agintzea: ez jasotzea, ezta ematea ere. Gizartean, momentu honetan, bi ostadar ikusten ditut: batak kolore pila bat ditu, zabaldu egin da eta hori ospatzekoa da; eta, bestea, kontrako norabidean, bi koloretara murriztu da. Bi korronte horien artean gaudela ikusten dut.

Nire mezua da «bi liburuk» ez dutela zertan erabaki nolakoa zaren; eta hori bi ostadarrentzat doa. Askatasuna da, finean, oinarria niretzat. Norbera bere buruarekin zintzoa izatea; gizarteak beti esango baitizu zer egin behar duzun. Bada, hori alde batera uztea eta norbera bere baitan zentratzea, eta den bezalakoa adierazteko askatasuna da aldarrikatzen dudana. Horren beharra ikusten dut. Iruditzen zait, gaur egun, ispilu asko daudela, baina norberak bere burua begiratzeko ispiluak falta direla. Horretarako gonbidapen bat ere bada.

Nola izan zenuen liburu horien berri?

Txikitatik, beti erakarri izan nau bigarren eskuko gauzen munduak. Pertsona nostalgiko samarra naiz [barrez, keinu egiten dio estudioko mahaian duen bakelitazko telefonoari], eta badut halako joera bat gauzak biltzeko. Gauza horietaz inguratzeak asko baretzen eta inspiratzen nau. Liburu horiek etxe bat hustu zutenean jaso nituen. Nire amak ikusi zituen —ondotxo ezagutzen nau— eta esan zidan agian interesatuko zitzaizkidala. Norbaitek, zorionez, etxetik atera nahi zituen, eta horrelaxe, kasualitatez jaso nituen.

Askotan ibiltzen naiz garbiguneetan, ustez zatarrak diren edo inork nahi ez dituen gauzak biltzen; horietan edertasuna bilatzeko joera dut. Eta hori saiatzen naiz nire lanetan erakusten. Material hori berrerabiltzen: ordenagailu pantailak mihise bezala, itsasoak ekarritako adarrak... Horietatik abiatzen naiz nire lanak sortzeko.

Zein dira zure inspirazio iturriak?

Inspiratzen naute gauza batzuek, zeinak egunero inguratzen gaituzten eta jendeak ez dien garrantzirik ematen; gauzak, baina pertsonak ere izan daitezke. Jeneralean zakarrak, zatarrak... Horrek erakartzen nau; horietan ikusten dut edertasuna. Gauza edo pertsona horiekin lan egitea asko gustatzen zait.

Collage teknika erabili duzu. Zergatik aukeratu duzu hori?

Collagea ezta paperera bakarrik mugatzen. Oinarrian birziklatutako materiala jartzen dut; eta material horiek uztartzen ditut paperarekin. Egurrarekin egiten dut lan asko, paretako papera ere erabiltzen dut... eta baita bestelako materialak ere.

Paperari egozten diot mezuaren ardura; baina bestelako material horiek lagundu egiten dute. Izan liteke egurra, beste paper mota bat, tenedore bat... Edozer gauza.

Eta liburuetatik moztu dituzu artelanetako irudiak, ezta?

Hori da. Erakusketan dauden irudi guztiak dira liburu horietatik ateratako argazkiak. Mezuaren ardura dute, eta dena da material birziklatua. Ingurugiroarekiko ardura handia sentitzen dut, bigarren eskuko kultura horretatik nator eta kontzientzia dut horretan. Balioa ematen diet gauza horiei, eta gustatzen zait eder presentatzea.

Nola sortu zitzaizun 3 tabernarekin kolaboratzeko aukera?

Tolosako Gurutze Gorriko osasun mentaleko eguneko zentroan egon nintzen praktikak egiten eta, boladatxo batean, lanean. Komunitateko pertsona naiz, eta asko gozatu nuen Tolosako Alde Zaharraz eta...

3 taberna deskubrimendu bat izan zen. Egia da gustatzen zaidala nire lanak testuinguru egokian kokatzea; lanak ere gustura egotea. Iruditzen zait koherentzia kontua dela: bat egin behar dutela egiten duzun lanak eta ikusgai jartzen dituzun tokiak. 3 tabernak bat egiten du nik ditudan balioekin. Niretzat garrantzitsua da zentzua izatea guztiak, biribiltasun hori ematea.

Ez da, gainera, lehen aldia.

Hirugarren aldia da. Eta hirugarren hau ezberdindu egiten da beste bitetatik: aurrekoak argazkiekin eta marrazkiekin izan direlako eta, oraingoan berriz, collageak direlako.

Nondik datorkizu sortzeko grina?

Ez dakit ba; norbera adierazteko beharretik. Nik uste denok dugula modu bat: batzuek abesten, beste batzuek, olerkiak idazten... Eta nik, bada, irudiaren bitartez. Idaztea ere asko gustatzen zait, baina gehiago erakartzen nau irudiak. Norberak dakarren zerbait dela esango nuke.

Eta eskulturarako joera bat ere suma liteke zugan, ezta?

Baditut zenbait eskultura, zeinak ez ditudan normalean erakusten. Birziklatutako materialekin egiten ditut. Mugikor zaharrekin egin dut lanen bat, gaur egungo komunikazioaren aro honetan, nola existitzen den, baita ere, sekulako inkomunikazioa. Gustatzen zait nire mundu propioak sortzea. Azkenean irudiak dira, baina izan litezke eskultura piezak ere.

Badut gogoa eskulturaren mundura gerturatzeko. Aritzeak dakarren bilakaera da, hein batean. Idatziaren idatziaz, estiloa aldatzen den bezala; sortzearen sortzeaz, sortzeko modua ere aldatzen joaten da. Momentu honetan puntu honetan nago, eta hurrengo erakusketara auskalo zerekin joaten naizen. Saiatuko naiz neure buruarekin zintzoa izaten eta orain arte bezala, gauza zatar, itsusi, zakar horien edertasunari gorazarre egiten eta, beti, zerbait iradokitzen.

Hortaz, garrantzitsua da zuretzat artea aldarrikapenerako baliabide izatea?

Mezua izatea, bai. Niretzat, behintzat, bai. Nik sortzen dudanean ez dut saltzeko helburuarekin egiten. Niretzat gauza bat soilik 'ederra' baldin bada, hutsa sentitzen dut. Polita da? Bai, eta? Niri zerbait sentiarazi behar dit. Zerbait mugiarazi. Eta momentu honetan honek mugiarazten nau. Eta hau egiten jarraitzeko asmoa dut.

Ba al duzu beste proiekturik esku artean?

Lehen aipatu bezala, badut gogoa pixka bat eskulturara arrimatzeko. Kontua da apustu fuerteagoa dela, aurrekontu handia behar dela eta... Nire asmoa da, baita ere, Txoria txori kantuak esaten duen bezala, nire lanak ere hegan egitea. Ez zait gustatzen artearen kontzeptu edo ulerkera elitista. Ez zait batere gustatzen. Eta, neurri batean hortik dator, baita ere, erabiltzen dudan materiala erabiltzea.

Eskultura bat egiteko behar da tamainako aurrekontu bat... Eta, bueno, formatu txikian eta erabiltzen ditudan materialek uzten didaten heinean edo tamainan... Asmoa dut eskultura txikiak egiteko, bai. Baina beti errepikatuko dira marrazkiak, argazkiak... Horien arteko konbinazioa eta material birziklatuak; edo naturatik datozenak, batik bat. Hortik aurrera, ez dakit nora eramango nauen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!