Irristakoentzat 22 domina Euskadiko txapelketetan

Ataria 2025eko martxoaren 22a

Pasa den asteburuan Irristaka taldeko patinatzaileak abiadura irristaketako Euskadiko txapelketetan izan ziren lehian. Txapelketak Gasteizen jokatu ziren, larunbatean Lakuako zirkuituan eta igandean Ariznabarrako pistan.

Larunbateko jardunaldia, espero bezala asfaltozko zoru bustian lehiatu zen. Baina iganderako euri aurreikuspenak atzeratu egin ziren, beraz hotzez baina zoru lehorrean egin zen jardunaldia.

Irristakatik azkenean zortzi patinatzailek hartu zuten parte euren kategorietan. Infantil mailan, Beñat Iñurrita, Markel Arana eta Ekhi Gibelalde; jubenil mailan, Julen Susperregi; senior mailan, Ximon Villalobos eta Julen Urkizar; eta master mailan Juanan Alvarez eta Rakel Estibariz.

Beste urte batzuekin alderatuta horren beste patinatzaile izan ez bazituzten ere, domina sorta handia ekarri zuten etxera. Guztira 22 domina, horietatik urrezko bat, zilarrezko 15 eta brontzezko 6.

Asteburua oparoa izan dela uste dute Irristaka taldetik, «batez ere gaztetxoenen maila ikusita». Horiek Espainiako txapelketak eta Trois Pistes nazioarteko txapelketa izango dituzte hurrengo erronka moduan. Seniorrak aldiz, asteburu honetan bertan izango dira liga nazionaleko bigarren jardunaldian parte hartzen Gijonen. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!