Tolosak eta Kataluniak elkarrekin dantzatzen dute

Ataria 2025eko martxoaren 22a

Euskal Herriko eta Kataluniako dantzek bat egin dute eguerdian, Tolosako Plaza Zaharrean. Tolosako Udaberri dantza taldeak eta Bartzelonako Sant Climent de Llobregat herriko Ball de Bastons dantza taldeak senidetze lana egin dute Tolosako kaleetan barrena, kalejira bitartez.

Bartzelonako taldeak bastoi-dantzak dantzatzen ditu, Garrafeko (Sitges) dantza tradizionalak, eta horiek ikusteko aukera izan dute Tolosako Plaza Zaharrean bildu direnek. Hain zuzen, bastoi-dantzen jatorria ez dago guztiz zehazturik: baliteke, nekazaritza errituetan oinarritzea, edota ezpata-dantzaren bilakaera izatea. Garai batean, gizonezkoek soilik dantzatzen bazuten ere, 1960ko hamarkadaz geroztik, gero eta emakume gehiago ikus daiteke dantzan, gaur Tolosan gertatu bezala.

Ball de Bastonseko dantzariak txuri, gorri eta berdez jantzita, kaskabiloak espartinetan, eta makilak eskuetan errazak izan dira ikusten eta entzuten Tolosako Alde Zaharrean barrena. Euria hasia bada ere, ez dute irribarrean galdu, eta alaitsu egin dute kalejira plaza batetik bestera.

Udaberriko dantzariak bestalde, mahoizko galtzak jantzita, koadrodun alkandorak, koloretako zapiak eta txapelak buruan ibili dira dantzan. Ohikoa duten gisan euskal dantzak eskaini dituzte Udaberri dantzako taldekoek, baina lehenengoz eskaini dituzte jendaurrean Arantzako dantzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!