Argi geratu da Tolosako saltoki txikiek badutela zer eskaini eta nork erosi ere. Izan ere, lehen ordutik hasita, denda atariak jendez gainezka izan dira; nork maukarik onena eskuratu zain.
Neguko azken eskaintzak ziren erosleen eskuetara iristeko prest zeudenak denden atarietan. Tolosa&Co elkartea da Braderie Azokaren antolatzailea. Eta horrela azaltzen ziren eguna ospatzen ari ziren dendak: globo, banderola eta amantal berdez jantzita.
Azokaren berri izan gabe gerturatu denak azkar asko konturatu da Tolosa badela merkataritza gune irekia. Herritar asko eta asko Gozatu bertakoaz zioten poltsa marroiak eskuan zebiltzan, egindako erosketen zelatari.
Urrutien geratzen diren dendentzako karpa egokitu da, San Frantzisko pasealekuan, Artxibo parean. Bertan ziren esaterako, Arsuaga bizikleten arropak eta Amets jostailu dendaren jostailuak. Guztira, 54 saltokik parte hartu dute Braderie azokan. Era guztietako produktuak topatu bazitezkeen ere, zabalduenak arropa eta oinetakoak izan dira —umeentzat, emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat—.
Erdialdeko eta Alde Zaharreko hainbat kale trafikoarentzat itxita egon dira. Honela, kalea bera merkatari zentro irekia bihurtuz.
Trianguloa plaza eta San Esteban auzoko doako aparkalekuak lotuz, Txutxu trena ibili da; batzuentzat mugikortasun bidea, eta besteentzat, aisialdirako aukera.
Eguerdira arte, eguraldiak Tolosako Braderie azoka errespetatu du eta erosketak erosotasunez egin ahal izan dituzte bezeroek. Eguerditik aurrera ordea, euria hastearekin batera, erosleak gutxitzen joan dira.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!