Palestinaren aldeko oihuak

Ataria 2025eko martxoaren 21a

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak deituta, Palestinaren aldeko mobilizazio eguna zen gaurkoa. Honela, eskualdera etorrita, Tolosako Trianguloa plazan elkartu dira herritarrak, iluntzean, Israel estatu terrorista dela salatzeko, eta Palestinaren aldeko aldarria luzatzeko.

Israel estatu terrorista! Palestina askatu! lelodun pankartaren atzean dozenaka herritar bildu dira Kontseilu Sozialistaren errebindikazioa babestuz. «Israelek Palestinarekin adostuta zuen su-etena hautsi eta ehunka hildako eragin dituenez, hori salatzeko elkarretaratzean bildu gara», adierazi dute Kontseilu Sozialistatik.

«Estatu sionistaren izaera genozida» salatu dute Trianguloan egindako elkarretaratzearen bitartez. Era berean, azken gertakariak salatu nahi izan dituzte: «Gazako zerrendan egin ditu aireko erasoak, eta hildakoak eragiteaz gain, gutxienez 500 palestinar zauritu ditu. Bonbardaketek Gaza, Khan Younis eta Rafah bezalako zonalde jendetsuei eragin diete, bi hilabeteko su-etena hautsiz. Lekukoek eta Al Jazeera hedabideak jakinarazi dutenez, erasoaldiak palestinarren etxebizitzak, ospitaleak eta babeslekuak kolpatu ditu Gazako zerrendan. Sionisten armadak operazioa justifikatu du argudiatuta `Hamasi presoak askatzeko presioa egitea´ bilatzen duela, baina erresistentzia palestinarrak ez du su-etenaren amaiera ofizialki iragarri oraingoz».

Elkarretaratzearen aurretik, performancea

Kontseilu Sozialistak Tolosan, atzo, osteguna, beste ekintza bat burutu zuen Palestinari elkartasuna adieraziz, eta Gazan bizi diren egoera salatuz. Performanceak egin zituzten Euskal Herria plaza sarreran eta baita Fronton taberna parean ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!