Inauterien ondorena 25

'Etxebizitza jokoak’ karroza eta ‘Kontxitako barandilla’ konpartsa, inauterietako onenak

Ataria 2025eko martxoaren 21a

'Etxebizitza jokoak' karrozako kideak, Zaldunita egunean.

‘Galgo’ eta ‘Matxinsalto’ karrozek eskuratu dituzte bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren. Sari modura, hiru karrozek kokalekua aukeratu ahal izango dute datorren urteko inauterietan.

2025eko Tolosako Inauterietako Karroza eta Konpartsen Lehiaketak baditu saridunak. Karrozen kasuan, hiru onenak izendatu dira, datorren urtera begira lekua hautatzeko aukera izaten baitute sari modura; konpartsen kasuan, berriz, onena aukeratu da.

Karrozak, lehen saria: ‘Etxebizitza jokoak’

Tolosan gazteen artean pil-pilean dagoen gai bat ardatz hartuta, gazteek etxebizitza bat lortzeko duten zailtasuna irudikatu dute, egun oso ezaguna den telesail bati erreferentzia eginez. «Belaunaldi desberdinetako ikusleak bildu zitzaizkien ingurura, antzezpen originala eta euskaraz egindakoa ikustera. Aipamen berezia merezi du eraikitako panpina erraldoiak», adierazi du lehiaketako epaimahaiak.

 

Karrozak, bigarren saria: ‘Galgo’

Tolosan historikoa izan zen Galgo paper fabrika irudikatu dute, epaimahaiaren iritziz, «modu oso originalean, mozorro, kolore eta arropen diseinu oso landuarekin». Herriarekin guztiz lotuta dagoen gaia hartuta, koreografia «originalak, deigarriak eta bereziak» egin dituztela esan dute. Paper fabrikako langileak, ibai ertzeko arratoiak eta kutsaduraren ondoriozko piztia bitxiak irudikatu zituzten, besteak beste.

 

Karrozak, hirugarren saria: ‘Matxinsaltoa’

Matxinsaltoa: ikusleen parte hartzea bilatu dute, barraketan ohikoa den matxinsalto bat irudikatuz. «Oso ondo eraikitako matxinsaltoa izan da eta ikusleek oso ondo pasa dute jira eta biraka. Karroza txikiago batekin ere, ikuskizun ederra egin daitekeela erakutsi digute».

 

Konpartsak, lehen saria: ‘Kontxitako barandilla’

Donostiako Kontxako barandako ballet dantzariak irudikatu dituzte Tolosan. «Umorez baliatutako ikuskizuna egin dute, kalez kale. Mikrofonoa eskuan hartuta, ikusleak dantzara gonbidatu dituzte, tutuak jantzi eta lotsak alde batera utziz». 

Sari modura, hiru karrozek kokalekua aukeratu ahal izango dute datorren urteko inauterietan; karrozen lehiaketako lehen sariaren irabazleak, 20 lagunentzako afaria ere jaso du. Konpartsa irabazleak ere afari bat jaso du sari gisa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!