Batelen lehia ikusteko aukera, Oria ibaian

Imanol Garcia Landa 2025ko mar. 20a, 20:56

Gipuzkoako Batel Ligako jardunaldia egingo da Tolosan, igande honetan. Getarian emaitza onak lortu dituzte TAK Arraunekoek.

Gipuzkoako Batel Ligako zortzigarren jardunaldia jokatu zen igandean Getarian, eta bertan TAK Arraun klubekoek emaitza onak lortu zituzten. «Sailkapen nagusian goiko postuetan gaude, eta hori neska-mutilek egin duten lanaren ondorioa da», esan du Kike Mokoroa klubeko kideak.

Getarian, infantiletan, nesketan Tolosaldea A laugarren izan zen, eta Tolosaldea B zortzigarren; mutiletan Tolosaldea hirugarren izan zen. Promesa edo kadete mailan, nesketan Tolosaldea A bigarren, Tolosaldea B bosgarren eta Tolosaldea C zortzigarren izan ziren; mutiletan ontzi mistoa ateratzen da, eta bederatzigarren postua lortu zuten. Jubeniletan, nesketan Tolosaldeak bigarren postua lortu zuen eta mutiletan seigarrena.

Sailkapen orokorrean, infantil nesketan Tolosaldea A laugarren doa eta postu berean doa mutilen batela. Promesetan, nesken Tolosaldea A batela lehen postuan doa eta Hernanirekin ariko da liga irabazteko lehian. Jubenil nesketan ere lehen postuan daude, Hibaikarekin lehia estuan, eta mutiletan laugarren doaz.

Hurrengo jardunaldia Tolosan izango da, igande honetan. Oria ibaian lehiatuko dira, 11:30ean hasiko den proban. Bertan 50 batel inguru lehiatuko dira, infantil eta kadete mailan. «Oso estropada polita izaten da, txanda bakoitzean bi batelen arteko lehia izaten delako», esan du Mokoroak. «Guretzako ohore bat izaten da ekitaldi hau antolatzea, ia denak kostan izaten direlako, eta barrualdean antolatzeak beste puntu bat ematen duelako». Jendea animatu du estropada ikustera joateko.

TRAINERUA, BIGARREN

Tolosaldea trainerua Euskotren Ligan lehiatzen da, eta bateletan aritzen diren harrobiko arraunlarietatik elikatzen da. «Ikustea bateletan neskak hain ondo dabiltzala, etorkizunerako lasaitasuna ematen du, ontzi polit bat izan baitezakegu, eta jarraipena ziurtatzen du», esan du Mokoroak. Hain justu, Tolosaldeak larunbatean Hondarribiko XXV. Traineru Jaitsieran parte hartu zuen, eta bigarren postua lortu zuen, Donostia Arraun Lagunak ontziarengandik segundo bat baino gutxiagora.

Argazkiak: Iban Ormazabal

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!