Tolosan familia bat etxegabetu dutela salatu du Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuak

Ataria 2025eko martxoaren 20a

Etxebizitza sindikatuaren arabera, etxebizitza «jabe handi» batena da eta etxea «baldintza tamalgarrietan» dago.

Tolosan etxegabetze bat egon dela salatu du Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuak. «Jabe handi batek, familia bat etxegabetu du eskatu zitzaizkion konponketak egitera ukatu ostean. Etxea, baldintza tamalgarrietan zeukan alokatuta jabe honek, eta gutxieneko bizigarritasun baldintzatan jartzea eskatu arren, ez zien jaramon egin maizterrei, ez ordaintzea egotzita etxegabetze prozedurari hasieran emanez».

Etxegabetzea familiak prozeduraren berri izan gabe exekutatu dela esan du, hau da, aurrez inolako jakinarazpenik jaso gabe, eta esan du otsailaren 13an polizia etxera bertaratu zela «talde judizialaren presentzia gabe eta inongo alternatibarik eskaini gabe». Guztia bi adingabe tartean zeudela gertatu zela esan du sindikatuak. «Gainera, jabeak ez zien aukerarik eman beraien gauzak denborarekin ateratzeko etxetik», gaineratu du.

Sindikatuak esan du, berriz ere jabeen inpunitateak eta diru nahiak langile klasea erabateko babesgabetasun egoeran uzten duela eta etxebizitza negozioa egiteko erabiltzeak langileria etxegabetua izateko arriskuan jartzen duela, «etengabe lekualdatzera, edo ezegonkortasunera kondenatuz». Kalitatezkoa eta unibertsala izango den etxebizitza sistema baten aldeko aldarria zabaldu behar dela esan du eta bide horretan Donostian apirilaren 5ean 12:00etan Bulebarretik abiatuta, egingo duten manifestaziora joateko deia egin du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!