Auzoetatik, herria egitera

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko martxoaren 20a

Tolosako Udalak eta San Esteban auzoko bizilagunek astelehenean egin zuten 'AuzoEkin' proiektuko lehen bilera. J. A.

San Esteban auzoan abiatu du Tolosako Udalak 'AuzoEkin' proiektua; astelehenean egingo dute bigarren bilera irekia, landa-eremuko auzoetako herritarrekin.

Tolosako Udalak AuzoEkin proiektua diseinatu zuen iaz, herriko auzoen garapen integral eta orekatua sustatu eta herritarren erabakitzeko ahalmena handitzeko helburuarekin. Herria zortzi eremutan banatu du udalak, eta aurten, esperientzia pilotu bat jarri dute martxan horietako hiruretan.

Astelehenean, San Esteban auzoan egin zuten lehen bilera irekia, bertako auzotarrekin, egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko. Astelehenean, hilak 24, landa-eremuko auzoetako herritarrekin egingo dute bigarren saioa, 18:00etan, udaletxean. Hirugarrena, berriz, hilaren 31n izango da, ordu berean, Inmakulada Lanbide Ikastolan, Bidebieta, Iparragirre, Izaskun eta Agaramundu eremuetako auzotarrekin. Auzotarrek ez ezik, eremu horietan lan egiten dutenek edo bizia horietan egiten dutenek ere parte hartzeko aukera dute bileretan.

Oraingoz, hiru eremu horien egoera eta beharrak modu integralean aztertzen ari da udala, auzotarren parte-hartzearekin. Espazio publikoaren, ingurumenaren, historiaren, kulturaren, mugikortasunaren, ekonomiaren, ekipamenduen eta zerbitzuen diagnostikoa osatzen ari dira. Hori izango da, gerora, egin beharreko lanen oinarria.

Garikoitz Lekuona Komunitatea eta gobernantza saileko teknikari arduradunak eman zizkien azalpenak San Estebaneko auzotarrei.

Lau urteko plana

Diagnostikoa gauzatzeko, hainbat jarduera egingo dituzte, hala nola, bilera irekiak, auzotarrei inkestak, lantegiak eta ibilaldi gidatuak auzoan zehar. Jarduera horietan auzotarren parte hartzea «ezinbestekoa» izango dela nabarmendu du udalak. Lehen fasea amaituta, bertatik eratorritako ondorioak aurkeztuko dituzte jendaurrean.

Horren ostean, eremu bakoitzaren garapenerako lau urteko plana zehaztuko dute. Amaieran, estrategiaren inplementazioa, garapena eta jarraipena helduko da. «Plangintzaren exekuzioari hasiera emango diogu eta, urtero, auzotarrek erabakiko dute auzoari dagokion aurrekontuaren barruan zein proiektu lehenetsi», esan du udalak. Tolosako gainerako bost eremuetan, datorren urtetik aurrera egingo dute lanketa bera, guztiak dinamikan sartu arte. Udalak aurreratu du proiektua «progresiboki» zabalduko dela eremu horietara.

AuzoEkin auzoen garapenerako egitasmoa bada ere, herritarren parte-hartzea sustatu eta areagotzea helburu duen proiektua dela nabarmendu du udalak. Horretarako, Tolosako auzotarrak «erdigunean» jarriko dituztela aurreratu dute: «Fase guztietan izango dute zeresana: diagnostikotik exekuziora. Beraien laguntza ezinbestekoa izango da auzoaren behar eta erronkak identifikatu eta lantzeko, beste inork ez baititu horiek beraiek bezain ondo ezagutzen».

Plataforma berria

Halaber, asteotan egiten ari diren saioetan, Erabaki.tolosa.eus webgunea aurkezten ari dira, parte hartzea indartzea ahalbidetuko duen eta, aldi berean, Tolosako prozesu parte-hartzaileen informazioa bilduko duen plataforma berria. Honi esker, herritarrek uneoro izango dute proiektuen berri.

AuzoEkin proiektuaren eta Tolosako beste zenbait parte-hartze prozesuren informazio eguneratua eskuratu ahal izango da plataforma horretan, hala nola, prozesua zein fasetan dagoen edota hurrengo deialdien inguruko informazioa; hala, herritarrek uneoro izango dute horien berri. «Honen bitartez, herri ireki, garden eta kolaboratibo bat eraikitzeko erreferentziazko gunea sortu da, non Tolosako herritarrak izango diren protagonista», esan du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!