Tolosaldea IKTko igerilariek maila bikaina erakutsi dute Espainiako junior eta absolutu txapelketan. Sabadellen egin zen martxoaren 5etik 9ra, 50 metroko igerilekuan, eta eskualdeko igerilariek hainbat domina eta final lortu zituzten. Unai Zubeldia, Nahia Garrido, Mattin Zubeldia, Irene Sagarna, Malen Zubeldia, Ilargi Sarria eta Enara Urizar izan ziren bertan, Joseba Zubeldia teknikariarekin batera.
Nahia Garridok 200 metro bizkar proban bi aldiz Euskadiko errekor absolutua lortu zuen, arratsaldeko finalean 2.11,66ko denbora eginez. Honela, absolutu mailan brontzezko domina lortu zuen eta zilarra junior kategorian. 100 metro bizkar proban ere Euskadiko errekor absolutua egin zuen 1.01,84 denborarekin, junior mailan zilarrezko domina irabaziz. 50 metro bizkar proban ere domina lortu zuen, junior kategorian 3. izanik 29,29ko denborarekin. Aipatu ere 100 metro tximeletan 4. postua lortu zuela junior kategorian. Garridok uztailean Eslovakian egingo den Europako Junior Txapelketarako txartela ere lortu du 200 eta 100 metro bizkar probetan. «Maisutasunez burutu zituen proba guztiak, ohikoa den bezala ur azpiko igeriketa indartsu, irteera bikain eta lehiatzeko duen grina erakutsiz», azaldu dute klubetik.
Mattin Zubeldiak egindakoa «sekulakoa» izan da, taldetik zehaztu dutenez. Abendutik hankak mugitu gabe igeri egiten aritu da meniskoarekin izandako arazo batengatik. Txapelketa baino 6 aste lehenago belaunean ebakuntza egin zioten. Inongo helburu zehatzik gabe osaketa ardura handiz egitea lortu du. Zailtasun guztiei aurre egin eta 200 metro bizkar proban junior kategorian brontzezko domina lortu zuen 2.05,13ko denborarekin. Horretaz gain, 50 metro bizkar proban 8. postua eskuratu zuen. «Emaitza horiekin beste behin bere gaitasunak uretan argi erakutsi ditu, diziplina eta lanerako grina goraipatuz. Ekainean Europako Junior Txapelketan parte hartzeko gutxienekoa lortzea izango da hurrengo erronka».
Malen Zubeldiak ere erakustaldi ederra eman zuen Sabadellen. 200 metro estiloak proban zilarrezko domina irabazi zuen 2.21,97ko denborarekin, urrezko dominatik hamarreko bakar batera geratuz. Gainera, 200 metro bular eta 400 metro estiloetako probetan 4. izan zen junior kategorian eta 50 metro tximeletan 5.a izan zen. «Igeri egiten duen proba bakoitzean, motza zein luzea izan, edozein estilotara, finalera sailkatzen da. Teknika bikaina du, langilea da eta oso lehiakorra. Bere adinean Espainia mailan dagoen igerilari onenetariko bat», diote klubetik.
Unai Zubeldiak ere bikain egin du igeri. 50 metro libre proban 6. postua eskuratu zuen 20 urtez azpiko kategorian eta 100 metro libre proban 8.a izan zen. «Beti bezala, estilo libre dotore eta tekniko batekin burutu zituen proba guztiak. Maila altuko markak egin zituen, Euskal Herrian igerilari gutxik egin dituztenak. Oraindik hobetzeko aukera du eta lanean jarraituko du udako txapelketan maila bat gorago egoten saiatzeko».
Aipatzekoa ere Ilargi Sarriak lortutako 5. postua 50 metro bularreko proban, junior kategorian. «Irteera bikain baten ostean bosgarren postu bikain baten jabe egin zen. Azken aldian entrenatzeko zailtasunak izan baditu ere, proba honetan bat baino gehiago aho zabalik utzi zuen, batez ere, egindako irteera luze eta azkarraren ondorioz».
Enara Urizarrek ere finalerako txartela lortu zuen 200 metro bizkar proban, bertan 8. postua lortuz junior mailan. «Azken aldian, arnas luzeko probetan asko hobetzen ari bada ere, bizkar estiloko probak egin zituen Sabadellen maila dotorean».
Tolosaldea IKTko neskek 4x100 metro estiloetako erreleboa ere lehiatu zuten. Garridok bizkar, Sarriak bular, Zubeldiak tximeleta eta Irene Sagarnak krol estiloak egin zituzten. Maila handiko erreleboa osatuz 5. postua lortu zuten junior mailan.