ELKARRIZKETA

«Bizitzaren bidaia dago ordezkatuta tarotaren pertsonaien irudietan»

Imanol Garcia Landa 2025eko martxoaren 21a

Irati Apraiz tolosarra. I.G.L.

Tarotak, beste dimentsioekin konektatuz, aholkuak eskatzeko balio duela azaldu du Irati Apraizek. Bere saioetako helburua, jendea sartu baino pixka bat hobeto ateratzea dela esan du.

Irati Apraizek (Tolosa, 1993) tarot saioak egiten ditu, zehazki, tarot ebolutiboarenak. Tarotaren bitartez bere buruaz asko ikasi duela dio.

Nola iritsi zinen tarotaren mundura?

Nahigabe sartu nintzen. Txikitan ez nekien hau existitzen zenik ere. 14 urte ingururekin lehenengo bikote haustura izan nuen, nire lagun baten etxera joan nintzen eta, bere amak esan zidan kartak botako zizkidala. Nik ezetz esan nion, pelikuletan-eta ikusitakoa ez zitzaidalako gustatu. Azkenean, konbentzitu ninduen, eta asko lagundu zidan. Hortik aurrera tarotari beldurra galdu nion, eta leku askotan probatu nuen. Tarot saio batzuetatik oso lasai atera nintzen eta beste batzuetatik pixka bat urduriago, baina esperientzia polita izan zen. Hor sentitu nintzen konektatuta, baina beti bezero bezala.

Eta nola hasi zinen tarota irakurtzen?

Aurrerago, hainbeste joan ondoren, liburua eta kartak erosi nituen, ikasten hasteko. Eta txapa bat iruditu zitzaidan, oso zaila egin zitzaidan. Orduan, liburua itxi eta han geratu zen. Gero, pandemian, hainbeste denbora izanik, berriz ireki nuen liburu hori, eta magia bezalakoa izan zen, dena ulertzen nuelako. Momentua iritsi zen. Sentitu nuen oso erraza zela, eta segituan dena barneratzen nuela. Liburua eta gero nire kabuz gehiago ikasten hasi nintzen: liburu gehiago, Internet, Youtube, podcastak, ikertzen, nire apunteak hartzen eta entseguak egiten. Hasieran nire lagunekin izan zen. Momentu horretan bikotea zenak esan zidan ezezagunei egiteko, eta nik esaten nion ez nintzela ausartzen hori egitera. Hasi nintzen lagunen lagunei egiten, lehengusuei, eta ikusi nuen jendea pozik geratzen zela, ni gero eta lasaiago nengoela, eta hasi nintzen ezezagunei ere egiten. Honela, orain arte. Bi lanetan batera egon naiz, eta orain —duela sei hilabete inguru— beste lana utzi dut eta tarotarekin buru-belarri ari naiz. Jauzi bat egitea izan da, baina gustura nago.

Nola esplikatu zer den tarota?

Tarota erreminta bat da aholkuak eskatzeko, beste dimentsioekin konektatuz. Tarotean kartak erabiltzen dira, erreminta gisa, beste dimentsioekin hitz egiteko, eta zuretzat zuzendurik dauden mezuak entzuteko. Tarot mota ezberdinak daude; bi mota oso argi bereizita daude. Bat da tarot tradizionala edo iragarlea, eta horrek morbo asko ematen du, eta hori pelikuletan-eta ateratzen da; bost egunetan hau gertatuko da eta horrelakoak esaten dizuna; nik hori errespetatzen dut, eta trebetasun handia behar da horretarako, baina niri ikara pixka bat ematen dit, eta asko baldintzatu dezakeela sentitzen dut. Gero, tarot ebolutiboa dago, eta hori da nik egiten dudana. Oinarria aholkuak dira, hau da, saio baten bidez argi pixka bat ematen zaio norberaren bideari. Niri horrek lasaitasuna ematen dit, ikusten dudalako gauza askok bat egiten dutela —norberaren egoerak eta kartek azaltzen dutena—. Egoera baten aurrean erabakiak hartzen lagundu dezake, baina norbera, pertsona bera, dago aurretik, eta norberaren erabakiak beti ondo daude.

Estigmak ere badaude tarotaren inguruan. Horri buruz zer diozu?

Nik hori lasaitasun handiagoarekin hartzen dut orain. Tarotean interesatuta dauden pertsonek ondo ulertzen dute, eta nik segituan esplikatzen dut nire tarota ebolutiboa dela, aholkuak eskatuko ditugula. Oso garrantzitsua da ikusteko zer energia duzun orain, eta horrekin zer egiten dezakegun hobeto egoteko; hori da tarot ebolutiboa. Egia da jendeak ondo ulertzen duela hori, eta niretzat ez du gatazka bat suposatzen. Eszeptikoekin gatazka existitzen da; baina horrekin lasai nago, horiek ez direlako nire bezeroak. Normala da; ni ez naiz pertsona bat konbentzitzen ibiltzen dena. Ez baduzu sinisten, errespetatuko dut, eta listo. Gertatu zait norbait etortzea bere heriotzaren dataz galdezka, eta nik horrelakorik ez dudala egiten erantzuten diot, honela, iragartzen ona den pertsona baten kontaktua emango diot. Gustatzen zait sare bat izatea; hau da, gure artean bakoitzaren indarguneak zeintzuk diren azpimarratzeko. Estigma bat badago, galdetzen didatenean zertan egiten dudan lan, eta esaten dudanean tarotista naizela, «zer beldurra» entzuten dut tarteka. Baina esplikatzen dudanean, ulertu egiten da.

Eta entzuten duzunean tarota irakurtzen dutenek iruzurra egiten dutela?

Nire egiaren lasaitasuna dut. Profesio askotan bezala, denetarik dago, eta nik ez dut esaten ez direla egongo sukaldari txarrak eta tarot botatzaile gezurtiak, baina nik ezingo nuke nire bizitza oinarritu gezurrak esaten. Beraz, ni lasai nago, eta sinisten ez duenarentzako, errespetu osoa.

Tarota zerbait ezezaguna da orokorrean, eta jasotakoa askotan telebistatik-eta iritsi da. Baina bada aspaldikoa den zerbait.

Antzinakoa da, eta ez dakigu noiz eta nola sortu zen. Zalantza pila bat daude. Batzuek esaten dute Marseillatik datorrela, beste batzuek Egiptotik, eta han harri handietan bazeudela margotuta irudi batzuk tarota bezala erabiltzen zituztenak. Ez dago ezagutza handiegirik eta hori bitxia da, baina egia da familia guztietan badela norbait probatu duena, edo etxean bizilagunekin kartak botatzen dituena. Lehen, sekretuan eramaten zen, ez zegoelako ondo ikusia-edo, eta orain, sare sozialekin-eta irekiera bat nabaritzen dut, eta eskertzen dut. Normalizatuago dago. Hain ezezaguna izateko, etxe guztietan dago norbait interesatua.

 

«Lehen, sekretuan eramaten zen, eta orain, sare sozialekin-eta irekiera bat nabaritzen dut»

 

Kartei dagokionez ere, badaude hainbat mota, ezta?

Bai, klasikoetan bi daude, Marseillakoa eta Rider-Waite. Ikasteko bi horietako bat erabili behar da. Nik Marseillakoarekin ikasi nuen, eta azkenaldian Rider-Waite erabiltzen dut. Konbinatu ahal dituzu. Bestalde, tarot pila bat daude, eta oso ondo daude, baina hobea da oinarriak ikastea, eta oinarriak betikoetan daude.

Zertan ezberdintzen dira Marseillakoa eta Rider-Waite?

Irudiak oso ezberdinak dira, baina komunean dute bietan arkano handiak eta arkano txikiak daudela. Arkano handiek, nahiz eta irudiak ezberdinak izan, elementu guztiak berdinak dituzte edo oso antzekoak. Lehenengo kartan, Eroa izenekoan, txakurtxo bat dago, eta pertsona bat arlekin itxurarekin; bertan, ikusten da eguzkia eta zaku txiki bat maleta edo motxila txiki batekin. Hori interpretatu dezakezu, bietan irudi hori berdina delako. Hori da garrantzitsua, identifikatzea. Karten munduan garrantzitsua da xehetasun guztiez ohartzea.

Zer ezberdintasun dago arkano txikien eta handien artean?

Arkano nagusiak pertsonaiak dira. Denek energia oso bat ordezkatzen dute. Eroa, Dorrea, Enperatriza... Protagonista bat da, energia oso bat dauka. Eta arkano txikiak xehetasunak dira, energia hori osatzen laguntzen dutenak. Adibidez, ezpatak burua eta minak dira; urreak errekurtso materialak, dirua, lana...; bastoiak bizirik sentiarazten dizuna, pasioa; kopak maitasuna, familia, bikotekidea... Bizitzaren arloak dira.

Jokoetarako erabiltzen diren kartak ere tarot saio bat egiteko erabili daitezke?

Bai, erabili daiteke. Nik ez dut inoiz egin, baina bi tarot karta motetan hiruko ezpata edota kopetako erregina daude. Hain justu, ezagutzen dut artista bat Marina izena duena eta horiekin egiten du. Niretzat txundigarria da, hondartzan lasai asko Burro-n jokatu dezakezu edo kartak bota.

Nola izaten da zure saio bat?

Egiten didazun galderaren arabera, nik erabakitzen dut zer tirada mota egin, hau da, non jarri kartak, zenbat karta atera eta zer posiziotan. Nire saioak bata bestearen aurrean jarrita izaten dira, hankak gurutzatu gabe, energia pasa ahal izateko. Tirada orokor bat egitea gustatzen zait, zuk ezer esan gabe, ikusteko momentu horretan ekarri duzun energia. Hor ikusten da momentu on batean zauden, edo urduritasun bat duzun, adibidez lanarekin, eta orduan, ikusten dudana zurekin konfirmatuko dut. Tirada orokor hori bukatzean, bezeroari galdetzen diot zer galdera egin nahi duen. Eta galdera zehatzetara joaten gara. Ordubete inguru irauten du. Urduri etorri daiteke norbait, eta nik esaten diot ni beti urduri jartzen naizela niri kartak botatzen dizkidatenean, eta ulertzen diodala. Nik esaten diot nire misioa dela saiotik ateratzea etorri dena baino pixka bat hobeto. Beraz, lasai egoteko, onerako izango dela. Beti esaten diot, baita ere, oso garrantzitsua dela nigan jartzen duen konfiantza ireki ahal izateko, eta nik ezin dudala berari ateratzen zaiona inori kontatu. Guztiz sekretupean mantentzen dut.

Non egiten dituzu saioak?

Internet bitartez asko egiten ditut orain, baina esperientzia hobea da aurrez aurre egitea. Energia antzekoa izango da, baina politagoa da aurrez aurre egitea. Ez bada posible bideo deia egiten dugu. Aurrez aurre egiteko Legorretako Bizi belar dendako kontsulta uzten dit Amaiak, eta hor oso gustura egiten dut.

Eta jendeak zertaz jakin nahi izaten du?

Bizitzako arlo guztiez, baina batez ere lanaz edo lan aldaketaz, askok maitasunari buruz, lagunei buruz... Aldaketen inguruan galdetzen du jendeak asko, gai baten inguruan erabakiak hartu behar dituenean.

Eta mezuak nondik datoz? Aurretik beste dimentsio bat ere aipatu duzu...

Niretzat, tarotista izanik ere, misterio bat da. Nire sinesmena da nonbait aukeratzen direla eta, horregatik ateratzen dela karta jakin bat eta ez beste bat. Batzuetan oso deigarria da nola bat egiten duten kartetan ateratzen dena eta pertsonak ekartzen duen egoera. Gomendatzen diot jendeari irekita etortzeko, sentitzen duzun hori besarkatuz. Baita ere irekita egoteko, agian entzun nahi ez duzun hori entzuteko. Ez dizut esango inoiz pentsatu ez duzun zerbait; zuk barruan pentsamendu edo sentsazio batzuk izan, eta ezezagun batek hori altuan esateak badu bere inpaktua.

Zeure burua gehiago ezagutzen lagundu dizu tarotak?

Bai, batez ere ikasten aritu nintzenean. Arkano nagusiak bidaia bat dira jaiotza batetik heriotza batera. Bizitzaren bidaia dago ordezkatuta tarotaren pertsonaien irudietan. Izan zaitezke istorio horretako protagonista jatorrena, eta baita deabrutxo bat ere. Ni orain klaseak ematen ari naiz kartak botatzeko eta tarotista izateko; egiten dugun ariketa bat da karta bat ikasten dugunean apuntatzea zure bizitzako zein momentutan izan zaren pertsonaia hori; karta guztiek dute bere argia eta bere itzala. Denok ditugu argiak eta itzalak, eta hori ikusiz ikasten goaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!