Martxoaren 22an egingo dute Tolosako Braderie azoka herriko saltokiek. Aurten 54 saltokik parte hartuko dute eta euren denden atariak eta San Frantzisko pasealekuko zati bat –Artxibo aurrealdea– beteko dute euren produktuekin; bertan deskontu eta neguko azken eskaintzak eskainiko dituzte, 10:00etatik 20:00etara.
Saltoki txikien festa bezala izendatu dute merkatariek larunbatekoa eta aurreratu dute Txu-Txu trena egun osoan zehar ibiliko dela Tolosako kaleetan. Merkatarien izenean hitz egin du Jasone Santin Pradosek eta aurreratu du Trianguloa plazatik abiatuko dela; aurten, gainera, nobedade gisa, San Esteban aparkalekura ere gerturatuko da orduero trena, «bertan aparkatzen duten bezeroak herriko erdialdera gerturatzeko». Txu-txu trena 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era ibiliko da.
Eguna borobiltzeko 16:30etik aurrera Lasko txaranga aterako da herriko kaleak girotzera. Emeterio Arrese plazatik abiatu eta Oria kalea, Nafarroa etorbidea, Foruen etorbidea, San Frantzisko, Trianguloa, Errementari kalea eta Aroztegieta kalea zeharkatuko ditu.
Santinek gainerako merkatarien izenean egin die gonbita tolosarrei eta inguruko herrietako bizilagunei: «Zatozte Tolosara eta babestu komertzio txikia, gozatu bertakoaz».