Gaur abiatu da Jabetze Eskolaren udaberriko jardueretarako izen-emate epea. Guztira, 20 hitzordu antolatu dituzte ekainera bitarte, Andragora, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Saila, Udal Liburutegia, Ttonttor Auzo Elkartea, Gazte Topagunea eta Zehar Errefuxiatuak eragile eta erakundeekin elkarlanean.
Jarduera batzuk jarraipena izango dute, esaterako, Txarangora! Andragorako txarangaren ikastaroak. Inauterietako lehen kalejira «arrakastatsuaren» ondoren, beste zortzi saio eskainiko ditu Ines Osinagak, eta amaieran berriro ere saio bat egingo dute kalean.
Ikastaro berriak ere izango dira udaberriko eskaintzaren barruan. Kapazitismoa aztergai duen hitzaldi zikloa izango da, eta neska gazteentzako autodefentsa feminista eta DJ tailerrak ere eskainiko dira. Jabetze Eskolaren barruan duela urte asko egin zen beste ikastaro bat ere berreskuratuko da, autonomia suspertu asmoz: kotxe-mekanikari buruzkoa. Body Dance saioak eta klown ikastaroa ere izango dira. Zehar Errefuxiatuak elkarteak, berriz, errezitaldi poetiko eszenikoa eskainiko du.
Arabara irteera
Maiatzaren 17an, larunbatez, egun osoko irteera egingo da Arabara, Erdi Aroko euskal erromanikoa genero ikuspegi batetik ezagutzeko. Parte hartzaileek Alaitza, Gazeo eta Agurain bisitatuko dituzte, Isabel Mellen historialariak gidatuta.
Gizonekin gizontasuna lantzeko eta feminismoarekiko duten zereginaren inguruan dauden erronketan sakontzeko aukera ere eskainiko du Jabetze Eskolak. En los casos de violencia de género, ¿qué papel tenemos los hombres en la denuncia social? izeneko bi saioko ikastaroa izango da, maiatzean, kultur etxean.
Esteka honetan begiratu daiteke Jabetze Eskolaren 2025eko udaberriko eskaintza.
Izen-ematea, erantzukizunez
Gaur zabaldu dute izen-emate epea, esteka honetan. Internet bidez izena emateko zailtasunik izanez gero, informazioa eta laguntza eska daiteke Andragorarekin edota Berdintasun Sailarekin harremanetan jarrita.
Ikastaroetan parte hartu nahi duten emakumeen kopurua altua denez, eta ahalik eta parte hartzerik altuena bermatzeko, Berdintasun Sailak erantzukizunez jokatzea eskatu du izena ematerakoan, eta soilik, bertaratzea berma daitekeen ikastaroetan izena ematea. Ikastaroa hasi ondoren utzi nahi izanez gero, Berdintasun Sailari jakinarazi beharko zaio.
Sareak eta aliantzak
Jabetze Eskolak emakumeen ahalduntzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzeaz gain, belaunaldien arteko eta kulturen arteko hausnarketarako, eztabaidarako eta formaziorako topagune bat eskaintzea ditu helburu, errealitatea ikuspegi feminista eta intersekzionaletik hausnartzeko, eztabaidatzeko eta eraldatzeko. Sareak eta aliantzak sortzeko eta bizitza pertsonalean, kolektiboan, sozialean eta politikoan eragiteko tresnak eta proposamenak lantzeko espazioa da.