«Badirudi, bizi garen gizartean ijitoak ez direla existitzen»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko mar. 18a, 07:59

Kera elkarteko kideak hitzaldi batean.

Ijito herriaren inguruan hitzaldia eskainiko du Kera elkarteak gaur, Andragora emakumeen etxean; ezjakintasuna dagoela diote eta aurreiritziak hautsi nahi dituzte.

Martxoaren 8aren harira antolatutako ekitaldien barruan, erromanien erresistentziaz solasaldia izango da Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean, gaur, 18:00etan hasita. Kera Gipuzkoako emakume ijitoak barnebiltzen dituen elkarteko kideak izango dira bertan.

Palmira Dual Jimenez elkarteko kideak azaldu duenez, emakumeek euren espazioa izan zezaten sortu zuten elkartea. Izenak euskarari keinua egiten dio, izan ere, kera hitzak etxe esan nahi du. «Erromintxelaz etxe esan nahi du; gure hizkuntza ofiziala erromania da, eta horren eta euskararen arteko nahasketa da erromintxela». Bada, emakume ijituen etxea izan nahi du Kera elkarteak.

Gaur eskainiko duten hitzaldian, hiru gai jarriko dituzte mahai gainean. Batetik, ijitoen historia landuko dute, eta jatorriaz, hizkuntzaz, banderaz edota euren kontrako legeez ariko dira. «Testuinguruan jarri behar da gaia, ijitoen nortasuna edota gaur egungo jarrera ulertzeko», azaldu du Dualek. Adibide moduan, ijitoen aurka sortutako legeak jarri ditu: «Lege horietan sakonduko dugu, eta ikusiko dugu ijito-herriarekin amaitzea izan dutela helburu».

Bestetik emakume ijito izateaz ere ariko dira, horien inguruan dauden aurreiritziak gainditu asmoz. «Badirudi emakume ijitoak eta feminismoa ez doazela eskutik; bada, hori ez da horrela, eta gure feminismoa, feminismo erromania, azalduko dugu». Emakume ijito erreferente asko dituztela kontatu du Dualek. «Antzinakoak eta gaur egungoak, eta horiei ikusgarritasuna eman nahi diegu emakume ijitoen inguruan gizarteak duen pentsaera hausteko».

Ijitoen eta komunikabideen gaia ere jorratuko dute. «Komunikabideetan ijitoen inguruan agertzen denak gure komunitateari nahiz gizarteari, oro har, eragiten diona aztertuko dugu, onurak nahiz kalteak azalduz», esan du Kera elkarteko kideak.

ARRAZAKERIA

Palmira Dualek azaldu duenez, «arrazakeri sistemikoa» jasaten du ijito herriak. «Ijitook 600 urte daramatzagu Euskal Herrian. Euskaldunak gara, baina etorkinek jasaten dituzten arazo berdinak jasaten ditugu». Urteak daramatzatela arrazakeria jasaten dio, eta gizartearentzat «ikusezinak» direla.

Gaurkoa bezalako saioek duten pisua nabarmendu du Dualek. «Batetik, Andragora emakumeen etxean parte hartzea garrantzitsua da guretzat. Normalean, emakumeen etxeetan pertsona zuriak egon ohi dira, baina gaurko gizartean kolore desberdinetako emakumeak daude. Hori eta gure euskaldun izaera ere aldarrikatu nahi dugu».

Bestetik, ijito herriak ahotsa izatea ere ezinbestekoa da bere ustez: «Badirudi, bizi garen gizartean ijitoak ez direla existitzen, eta ijitoez hitz egiten denean gauza negatiboekin lotu ohi da. Gure historia ez da ezagutarazten, eta gu bertako historiaren parte gara. Ondorioz, herritarrek ez dute gure historiaren berri, eta aurreiritzi ugari dituzte gure inguruan». Bada, hori guztiagatik, gaurkoa bezalako saioak egitea «funtsezkoa» dela uste du, «horri guztiari buelta emateko», eta herritar oro animatu du bertan parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!