'Fauna ibérica' eta 'Territory' ikusi ahal izango dira Tolosan

Ataria 2025eko martxoaren 18a

Berriz ere hemen da Gnat Zinema. Natura eta Ingurumeneko Zinemaren Erakusketa martxoaren 24tik 28ra izango da eta Tolosan eta Donostian izango dira emanaldiak.

Guztira lau dokumental eskainiko dituzte; Kantauri, Gringo trails, Fauna ibérica eta Territory. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako zikloa da Gnat Zinema eta aurtengo bosgarren edizioan Kantauri itsasoaren aberastasunari eskainitako munduko estreinaldia izango da protagonista nagusia. Saio guztiak doakoak dira, baina aurrez gonbidapenak hartu behar dira

Kantauri eta Gringo trails dokumentalak Donostian ikusi ahal izango dira, martxoaren 24an eta 26an, hurrenez hurren. Fauna ibérica eta Territory aldiz, Tolosako Topic-en eskainiko dituzte. Fauna ibérica martxoaren 27an ikusi ahal izango da eta Territory martxoaren 28an.

Fauna Ibérica-k penintsulako basabizitzaren aniztasuna biltzen du. Alberto Redondok zuzendu du eta bere esperientzia partekatuko du ikusleekin, emanaldiaren ondoren. Territory dokumentalean komunitate indigenek beren lurraldeen defentsaren alde egiten duten borroka jorratzen da. Dokumentala eta gero Álex Galán errealizadorearekin solasaldia egongo da.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da Gnat Zinema eta Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, «naturari buruzko zineaz gozatzen dutenentzat ezinbesteko hitzordua da. Paisaia eta ekosistema liluragarrietarako leiho bat da, ingurunearekin dugun harremanari buruz hausnartzera gonbidatzen gaituena». Aurtengoa bosgarren edizioa da eta aurreko lau edizioetan 7.700 ikusle izan direla esan du Asensiok. «Gnat Zinemak kalitate handiko zinemaz gozatzeko aukera ematen du, eta, aldi berean, gure ingurunea babesteko beharraz hausnartzeko gonbita egiten du. Klima larrialdia erronka saihestezina den une honetan, funtsezkoa da istorio horiek jendearengana hurbiltzea eta irtenbide jasangarriak inspiratuko dituen eztabaida sustatzea», esan du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!