Zein da euskaraz eroso hitz egiteko behar dugun testuingurua? Ingurukoak euskaraz egiten dutenean, erraz eta natural aritzen gara. Baina, zer gertatzen da besteak gaztelaniaz ari direnean? Ohartzen al dira zu deseroso zaudela? Zenbait euskaldunek ez dute jakiten une jakin bakoitzean zein hizkuntzatan hitz egin behar duten. Hizkuntza-estresa deritzo horri, eta garrantzia hartzen ari da azken urteetan.
Bada, galdera horiei eta gehiagori erantzuteko, bosgarren urtez jarraian, Euskaraz bizi gaitezke euskaldunen ahalduntze ikastaroa abian jarriko du Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteak. «Betiko euskal hiztunei nahiz euskara ikasten ari direnei bideratuta dago, herritarrek dituzten hizkuntza-estres uneak identifikatu, estresa eragiten duten faktoreak aztertu, eta egoera deseroso horietan lasaiago egoteko norberak eman nahi dituen urratsak zehaztuko aukera izango dutelako», azaldu dute.
Aurten, sei saio izango dira, guztiak Tolosan, Galtzaundiren egoitza berrian (Plaza Berria, 1). Astearteetan izango dira saioak, 18:30ean, honako egunetan: martxoaren 25ean, apirilaren 8an eta 29an, maiatzaren 13an eta 27an, eta ekainaren 10ean. Izena emateko, Galtzaundi.eus webguneko galdetegia bete behar da; hilaren 21ean amaituko da epea.
Batik bat, ikasleen eguneroko hizkuntza-ohiturak aztertuko dituzte saioetan, baina, honako gai hauek ere landuko dituzte: aurreiritziak, bi hizkuntzetako elkarrizketak mantendu ahal izateko teknikak eta euskaraz komunikatu ahal izateko gakoak. Astez aste, hizkuntza-helburuak doitzen joango dira. Galtzaunditik nabarmendu nahi izan dute «ikasle bakoitzak bere erritmoa» izango duela. «Baina bakoitzak ematen dituen urratsak lagungarri izango dira gainerakoentzat», gaineratu dute.