Inauterien ondorena 25

Inauterien balorazio positiboa, hobetu beharrekoekin

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko mar. 13a, 12:01

Jende pilaketak izaten diren ekitaldien kasuan, azterketa sakonagoa egingo du udalak; Zaldunita egunak «hausnarketa bat» behar duela adierazi dute.

Tolosako Udalak inauterietako balorazio bilera egin du, eragile eta herritarrekin. Iritziak jasotzeaz gain, hobetzeko proposamenak jaso dituzte. Oro har, balorazio positiboa egin du Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Festa onak pasa ditugu. Badaude, noski, zuzendu beharrekoak, baina horretarako lan egingo dugu».

Batez ere, jaietako lehen egunetako parte hartze handia eta kaleetan izandako giro ona goraipatu ditu udalak. Bereziki nabarmendu dute txupinazoan txilabek irabazi duten presentzia eta txarangen atzetik «belaunaldi ezberdinetako jendea» bildu izana, baita Jabetze Eskolako Txarangorak Ostiral Mehean egindako lehen kalejira «jendetsua». Hain justu, egun hori «bizitasuna» irabazten ari dela ere azpimarratu dute.

Baina, aurten ere, Zaldunita izan da jende gehien bildu den eguna. Azken urteetan nabarmen areagotu da jende kopurua egun horretan. Dianan, esaterako, jendetza batu da aurten ere, bereziki hasieran, Agintari kalean; horrek zailtasunak eragiten ditu banda entzuteko. Horrelako egoerak ekiditeko zer egin daitekeen aztertuko du udalak. Bileran bertan, herritar batek esan du bandaren aurretik joan beharrean, atzetik joan behar dela.

Zaldunita arratsaldean ere, jende asko pilatu zen zezen plazako sarbide inguruan, segurtasun perimetroaren aurrean. Udalak adierazi duenez, batzuk ateetan indarrez sartzen ere saiatu ziren. Ondorioz, Udaltzaingoak sarbidea itxi behar izan zuen herritarren segurtasunagatik, halakoetan hori lehenesten baita. Hori dela eta, gonbidapena zuten zenbait herritar sartu ezinik geratu ziren. Horiei barkamena eskatu die udalak. «Sarbidea errazteko, egun horretan beste antolaketa bat behar ote den aztertuko dugu», esan dute udaletik. Hobekuntza modura, plazaren kanpoan seinaletika hobetzea planteatu dute, jendearen zalantzak errazago argitzeko.

Txarangak

Behin zezen festa amaituta, txarangen jaitsieraren txanda izaten da. Aurtengo inauterietarako, kaleko salmenta postuak lekualdatzeko eskaera jaso zuen udalak, pilaketak ekiditeko. Hala ere, Zaldunita egunean, jende ugari bildu zen. Aurten, gainera, egun horretan jaitsiera errespetatu ez zuen karroza bati Asteartitan ateratzeko baimena erretiratu zitzaion, behin eta berriz ohartarazi arren, musika itzali ez zutelako. Datozen urteetarako, jaitsiera ondo egin ahal izateko beste alternatibarik ote dagoen aztertuko du udalak, txarangekin elkarlanean.

Aitzol Gartzia festetako zinegotziak eta Goiuri Ezeiza kultura zinegotziak Zaldunita egunak «hausnarketa bat» behar duela adierazi dute. «Jendetza dator kanpotik, eta pilaketa asko sortzen dira. Jarrera desegoki batzuk ere antzeman genituen. Elkarbizitza bermatu eta ekitaldiak modu egokian egiten direla ziurtatzeko egun horrek bestelako neurri batzuk behar ote dituen ikusiko dugu».

Txarangekin jarraituz, hobetzeko beste puntu bat ere ondorioztatu dute: dantzaldietako oholtza. Aurten handiagoa jarri dute. Txarangen ordezkariekin hala adostuta bazegoen ere, talde batzuk, musikari kopuru handiena dutenak bereziki, ez dira guztiz eroso sentitu, nahiz eta beste batzuk publikoari begira jarri izana ere begi onez ikusi duten. Nola hobetu begiratuko dutela adierazi du udalak.

Karrozak

Aurtengo inauterietako karrozetan, «salto kualitatibo bat» eman dela nabarmendu du udalak. Zaldunita goizeko eskaintza «nabarmen hobetu» dela azpimarratu dute bileran, eta aurten, «neurriko bolumena» izan dutela. Mozorroak eta ikuskizunak «gehiago landu» direla ondorioztatu dute, eta ontzat eman dute ordutegiekin txandakatzen ibili izana, baita elektrifikazioa zaintzeko langileen lana ere.

Bestalde, bi jarrera «desegoki» salatu ditu udalak. «Batetik, Asteartitan baimendutako ordutegitik kanpo karroza bat musika topera jarrita joan zen Usabalera, eta bizilagunen kexak jaso ditu udalak. Bestetik, egun horretan bertan, goizaldean festa egin zuten Bellota pabiloiaren barruan, Udaltzaingoa bertaratu eta hustu zuen arte».

Plataformadun konpartsak

Bileran ondorioztatu ahal izan denez, plataformadun konpartsen inguruan udalak eta herritarrek zuten kezka «areagotu» egin da. «Ez zen ikuskizunik apenas eskaini, alkoholaren kontsumora bideratu da, ingurua garbi mantentzeko jarritako edukiontzi eta komunen erabilera urria izan da, eta bolumena ere ez zen errespetatu», esan du udalak. Azaldu dutenez, Zaldunitan, udaleko teknikariak «behin baino gehiagotan» pasa ziren neurketak egin eta musika jaisteko eskatzera. «Egindako ohartarazpenak errespetatu ez zituztela ikusita», Asteartitan ateratzeko baimena erretiratu zien udalak zazpi plataformari.

Horrez gain, udalaren eta herriko zenbait eragileren iritziz, «erabat salagarria» izan da plataformadun konpartsetako zenbait kidek San Esteban auzoan izandako jarrera. Aurten Ferialekua ez dute erabilgarri izan, iaz erabat zikinduta utzi zutelako, eta barruan dauden eragileei materiala puskatu, hondatu eta lapurtu zietelako. Aurten, auzo elkartearen atariko arkupeetan aritu dira. Udalak esan du aurrez lanketa egin zela, eta ingurua modu egokian ibiltzeko eskatu zitzaiela. «Hala ere, ez da bete. Auzoko zuhaitz, lur eta paretak margotu dituzte eta zaborra jaso gabe geratu da, horretarako hitzartutako data igarota. Jarrera horien aurrean neurri gehiago hartuko ditugu», adierazi dute udaletik.

Isabelita gunea

Haur, familia eta nerabeentzako gunea izan da aurtengo berrikuntza nagusia, eta horrekin asmatu denaren sentsazioa nagusitu da. Bereziki haurrei bideratutako ekitaldiek izan dute arrakasta handiena; nerabeei zuzendutakoek ez dute hainbeste jende bildu, nahiz eta gazteek egindako proposamenak izan. Hobekuntza modura, sabai gardena jartzea planteatu dute, gunea argiagoa izan dadin. «Dudarik gabe, errepikatzeko modukoa da, eta horretan sakonduko dugu», esan dute udaletik.

Zaborra eta komunak

Aurten, hondakinak botatzeko edukiontzien kopurua nabarmen handitu du udalak. Dena den, datuak kezkaz jasotzen jarraitzen dute, goranzko joerak jarraitzen baitu: aurten 58,5 tona hondakin jaso dira, iaz baino 6 gehiago. Hala ere, jarritako edukiontziei esker, hobeto jaso ahal izan da». Komunen presentzia ere indartu dute. Balorazioa «ona» da, nahiz eta sentsibilizazioarekin jarraitzeko beharra ikusten den, «oraindik ere badelako hori errespetatzen ez duen jendea».

Intzidentziek, behera

Udaltzaingoak bihar egingo du koordinazio mahaiaren bilera, eta orduan izango ditu ondorio guztiak. Dena den, eskuartean dituzten lehen datuen arabera, artatutako intzidentzia kopurua –lapurretak, erasoak, borrokak…– «nabarmen jaitsi» dela azpimarratu du udaltzain buruzagitzak eta, oro har, «balorazio ona egin du.

Aurten, gune finko bat izan dute, gauez, Trianguloa plazan. «Herritarrentzat erreferentziazko puntu bat izan da, laguntza eske hara jo baitute askok. Alkoholimetroak ere izan ditugu, autoa hartzeko zalantzan zeuden horiei probak egiteko, eta jende asko hurbildu da». Legez kanpoko kale salmentan ere jarri dute arreta, eta zentzu horretan, baimenik gabeko 3.000 petardo inguru eta benetako armen erreplikak konfiskatu dituzte jaiek iraun bitartean.

Era berean, udaltzainek eta udal ordezkariek kezka plazaratu dute bengalen erabilerarekin: «Ostegun Gizeneko txupinazoan ez ezik, Alde Zaharrean ere erabili dira eta arrisku egoerak sor daitezke hainbeste jende dagoenean. Ezin dugu ahaztu Alde Zaharreko etxe askok eta askok egurrezko egitura dutela, eta istripurik txikienak ondorio handiak izan ditzakeela».

Beste puntu batzuk

Gainerakoan, badira aipatu beharreko puntu gehiago. Batetik, aisialdi taldeen zezen-plazako itxaronaldia aztertuko du udalak. Bestetik, barrakei dagokienean, baldintzetan ordu inklusiboa jarri bazitzaien ere, ez dute errespetatu, eta AFADEri azalpenak eskatu dizkio udalak. Janarien kale salmentako postuen zozketari dagokionez, berriz, prozedurari beste buelta bat emango diote datorren urtera begira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!