Tolosako Udalak egitasmo berria jarriko du abian, datorren astelehenetik aurrera, herriko auzoen garapen integral eta orekatua sustatzeko helburuarekin: AuzoEkin. Horretarako, herritarren erabaki-ahalmena handitzea nahi dute.
Hori gauzatzeko Tolosa zortzi eremutan banatu dute, eta lehen esperientzia pilotuan, hiru eremuk hartuko dute parte: San Esteban auzoak (5. eremua), Landa-eremuak (1. eremua) eta Bidebieta, Iparragirre, Izaskun eta Agaramundu inguruak (4. eremua). Eremu bakoitzean egoera eta beharrak aztertuko dituzte auzotarren parte-hartzearekin, eta horiekin diagnostiko bat osatuko dute. Hori izango da, gerora, egin beharreko lanen oinarria. Hain zuzen ere, hiru eremu horietan bilera irekiak egingo dituzte datozen asteetan, eta interesa duen auzotar orok parte hartu ahal izango du.
- San Esteban: Martxoak 17, astelehena, 18:00etan, San Estebaneko Auzo Elkartean.
- Landa-eremua: Martxoak 24, astelehena, 18:00etan, Tolosako Udaletxean.
- Bidebieta, Iparragirre, Izaskun eta Agaramundu: Martxoak 31, astelehena, 18:00etan, Inmakulada Lanbide Ikastolan.
Bilera ireki horietan, eremuko auzotar guztiei, bertan lan egin edota bizia bertan egiten dutenei parte hartzeko gonbita egiten die udalak. Bilera egunean dagokion tokira bertaratzea besterik ez da izango, auzotarrentzako saio irekiak baitira. Bertan, egitasmoaren nondik norakoak azalduko dituzte eta Erabaki plataforma aurkeztuko dute, Tolosako prozesu parte-hartzaileen informazioa bilduko duen parte-hartze plataforma berria.
Tolosako zortzi eremuak
- 1. eremua: Landa-eremua: Aldaba, Aldabatxiki, Auzotxikia, Bedaio, Monteskue, Olarrain, Santa Lutzia (landagunea), Urkizu.
- 2. eremua: Amarotz, San Blas, Usabal.
- 3. eremua: Berazubi, Iurramendi, Iurre.
- 4. eremua: Bidebieta, Iparragirre, Izaskun, Agaramundu.
- 5. eremua: San Esteban.
- 6. eremua: Zabalgunea.
- 7. eremua: Alde Zaharra, Santa Klara, Zuloaga.
- 8. eremua: Arramele, Donostia etorbidea, Santa Lutzia (ekipamendu eta eskolak).
Lanketa progresiboa
2025ean, arestian aipatutako hiru eremuek ekingo diote AuzoEkin egitasmoaren esperientzia pilotuari, baina progresiboki egitasmoa beste eremu guztietara zabalduko dute. Aurten, lehen hiru eremuetan diagnostikoa egingo dute.
Eremu bakoitzaren egoera eta beharrak aztertuko dira modu integralean, hau da, hainbat arlo kontuan izanik: espazio publikoa, ingurumena, historia eta kultura, mugikortasuna, ekonomia, ekipamendu eta zerbitzuak... Horretarako, auzotarren parte hartzea ezinbestekoa duten hainbat jarduera egingo dituzte: bilera irekiak, auzotarrei inkestak, lantegiak, ibilaldi gidatuak eta abar. Diagnostiko fasea amaituta, bertatik eratorritako ondorioak aurkeztuko dituzte jendaurrean.
Horren ostean, eremu bakoitzaren garapenerako lau urteko plana zehaztuko dute. Amaitzeko, estrategiaren inplementazioa, garapena eta jarraipena egingo dute. Plangintzaren exekuzioari ekingo diote eta, urtero, auzotarrek erabakiko dute auzoari dagokion aurrekontuaren barruan zein proiektu lehenetsi. Gainerako eremuetan datorren urtetik aurrera egingo da lanketa bera, guztiak dinamikan sartu arte.
Herritarren parte-hartzea
AuzoEkin, auzoen garapenerako egitasmoa ez ezik, herritarren parte-hartzea areagotzea helburu duen proiektua da. Horretarako, Tolosako auzotarrak jarriko dituzte erdigunean eta haien parte-hartzea areagotzea izango da proiektuaren helburuetako bat. «Fase guztietan izango dute zeresana: diagnostiko fasetik exekuziora. Hain zuzen ere, auzo bakoitzaren behar eta erronkak identifikatu eta lantzeko ezinbestekoa izango da auzotarren laguntza, haiek ez beste inork ez baitituzte beren inguruneko beharrak hain ondo ezagutzen», adierazi du udalak.
Gainera, parte hartzea indartzea ahalbidetuko duen Erabaki plataforma martxan jarri du udalak: Erabaki.tolosa.eus, herritarrek uneoro izan dezaten proiektuaren berri. Plataforma horren bidez, AuzoEkin-en eta Tolosako beste zenbait parte-hartze prozesuren informazio eguneratua eskuratu ahal izango da, hala nola, prozesua zein fasetan dagoen edota hurrengo deialdien inguruko informazioa. Honen bitartez, herri ireki, garden eta kolaboratibo bat eraikitzeko erreferentziazko gunea sortu da, non Tolosako herritarrak izango diren protagonista.