Bihar eta etzi, literatur solasaldi bana Tolosan

Ataria 2025eko martxoaren 12a

Jule Goikoetxea, filosofo politiko, irakasle eta idazle donostiarra. Argazkia: EHU.

Batetik, Jule Goikoetxea donostiarrak 'Politeismo bastarta' nobela aurkeztuko du, bihar, kultur etxean, 19:00etan hasita. Bestetik, Juanjo Moral zumarragarrak argitaratu berri duen 'Vencer en tierra de espias' eleberriaz hitz egingo du ostiralean, Elkar liburu dendan, 18:30ean.

Datozen egunetan, bi literatur solasaldi izango dira Tolosan, bi liburu aurkezpen. Lehenengoa, bihar izango da. Lizardi elkarteak antolatuta, Jule Goikoetxea filosofo politiko, irakasle eta idazle donostiarrak, Politeismo bastarta (Susa, 2024) nobela aurkeztuko du kultur etxean, 19:00etan hasita. Bartzelonako Fira Literal liburu azokan Angela Davis amerikar politikari marxista, aktibista afroamerikarra eta filosofia irakaslearekin emandako lau egunen inguruko ezohiko nobela da. Aurkezpenaren ondoren, jendaurreko elkarrizketa egingo dute.

Bigarren aurkezpena, Arostegieta kaleko Elkar liburu dendan izango da, ostiralean, 18:30ean. Juanjo Moral zumarragarrak argitaratu berri duen Vencer en tierra de espias eleberria aurkeztuko du. «Itxuraz urrun dauden bi mundu konbinatzen dituen istorioa da: Gerra Hotza eta txirrindularitza. Espioien trama aparta da, nire aita Juan Jose Moral Arnaiz 70eko hamarkadako txirrindulariaren benetako kirol bizipen batean girotua. Eleberria nire aitaren kirol istorio horretatik sortu zen, Gerra Hotzaren erdian, Espainiako selekzioarekin kirol frogarik garrantzitsuena lehiatzera joan zenean: Bakearen Lasterketa», azaldu du idazleak.

1975. urtean, Alemaniako Errepublika Demokratikoan, Txekoslovakian eta Polonian izan zen lasterketa, eta edizio horretan, Juan Jose Moral Arnaizek etapa bat irabazi zuen eta istorioa kontatzeko garaipen garrantzitsua izan arren, semeak bere beste pasio batekin konbinatzea erabaki zuen, Gerra Hotzeko literaturarekin, alegia. Hortik sortu zen Vencer en tierra de espias, bere aitak eta bere kideek bizi izan zuten benetako kirol istorio horretan girotutako espioitza trama intrigagarria nahasten duen eleberria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!