ELKARRIZKETA

«Saharar herriak bizi duen gatazkaren erakusleihoa da»

Leyre Carrasco 2025ko mar. 13a, 07:59

Ana Aranguren eta iaz harreran hartu zuen Munir sahararra, Donostiako Reale Arena futbol zelaian. ANA ARANGUREN

Oporrak Bakean programan parte hartzeko azken eguna izango da larunbata eta oraindik harrera familiak behar dituzte. Ana Aranguren tolosarrak hamabi urte daramatza parte hartzen eta aurten ere ez du hutsik egingo.

2013az geroztik da Oporrak Bakean programako harrera familia Ana Aranguren (Tolosa, 1968). Lau haur saharar igaro dira tolosarraren etxetik eta familia handitzeko asmoarekin dabil. Izan ere, aurtengo edizioan parte hartuko duen harrera familietako bat izango da. Hala ere, edizioa hau «azkena izatea» espero du, «horrek esan nahiko duelako Mendebaldeko Saharan aske daudela».

Nolatan animatu zinen Oporrak Bakean programan parte hartzera?

2013an sartu nintzen programan, baina aurretik denbora neraman ideiari bueltaka. Kontua da haur sahararrak bi hilabetez etortzen direla gurera, ekain bukaeratik abuztu bukaerara. Nik zahar egoitza batean egiten dut lana, eta beldur nintzen moldatzeko gai izango ote nintzatekeen. Urte dezente igaro nituen bi hilabete horiek antolatzen, baina azkenean, nire bikotekidearekin animatu nintzen. Udaletxera joan ginen informazioa eskatzera, ez genekielako haurrik ez dituzten familiek ere parte har zezaketen, eta baiezkoa eman zigutenean animatu egin ginen. Txandaka aritzen ginen, batek oporrak zituenean haurrarekin geratu eta bestea lanera joaten zen, eta alderantziz. Lehen urtea probatu ostean, moldatu nintzela ikusi nuen, eta geroztik, urtero hartu dut parte.

Hamabi urte igaro dira geroztik. Gogoan duzu parte hartu zenuen lehen urte hura?

Nere etxetik lau ume desberdin igaro dira; bi mutil eta bi neska. Nire etxera etorri zen lehen haurra aurretik Tolosako beste familia baten etxean egon zen, eta beraz, etxeko lan guztiak eginda etorri zen. Alegia, euskaraz hitz egiten zuen eta Tolosa oso ondo ezagutzen zuen. Dena oso erraza izan zen, eta esperientzia ona izan nuela ikusita, berriro animatu nintzen. Bigarrengo haurrarekin oso esperientzia desberdina izan zen. Italiako aterpetxe batean egon zen aurretik, eta beraz, ez zekien euskaraz hitz egiten. Zerotik hasi ginen, eta hizkuntzaren aldetik nahiko zaila izan zen, baina behin martxa hartuta bukaerarako oso ondo moldatu ginen.

Zein egoeratan etortzen dira haurrak?

Osasun egoera baxuan etortze dira, eta osasun azterketak egiten zaizkie. Elikadurari dagokionez, oso gutxi jaten dute segituan betetzen direlako, baina hori hasieran izaten da, ohitu arte. Egun batzuk igaro ostean, antsietatearekin jaten dute, ez dira gelditzen. Kontuan izanda errefuxiatuen kanpalekuetan zenbat ordu egoten diren jan gabe, normala da, ez dira asetzen. Esaterako, iaz nire etxera etorri zen haurrak [Munir] bost kilo eta erdi irabazi zituen.

Nolakoak izaten dira lehen egunak?

Hasieran zailagoak izaten dira haurrak ez zaituelako zu ezagutzen. Pentsa, haurrak dira eta ezagutzen ez duten beste familia baten etxera etortzen dira, beraien etxetik urrun, beraz, oso zaila da. Hala ere, azken urteetan egiten ari garena da umea etorri aurretik gonbidapen eskutitz bat bidaltzen diegu eta bertan, harrera familia bakoitza aurkezten dugu, haurrak nahiz bere familiak nora etorriko den jakin dezaten.

Bi hilabeteetan zehar harrera familia ugarirekin biltzen zarete jarduerak egiteko. Nolako harremana izaten duzue zuen artean?

Beste familia bat gehiago gara. Denak ezagutzen dugu elkar eta bi hilabete horietan egiten ditugun jarduera guztiak elkarrekin burutzen ditugu. Astean bi edo hiru aldiz elkartzen gara, eta beti hor gaude laguntzeko prest. Babes handia dago atzetik. Oporrak Bakean kanpaina bizpahiru hilabetez egoten da martxan, baina ni urte guztian zehar egoten naiz familiak bilatzen.

Izan ere, harrera familia izateaz gain, zu Tolosaldea Sahararekin elkarteko kidea ere bazara.

Bai, eta aipatu nahiko nuke larunbatean izango dela Oporrak Bakean programan parte hartzeko azken eguna. Azken txanpa da eta espero dugu iazko edizioan baino familia gehiago animatzea. Ohiko moduan, gure helburua da Tolosaldera 15 haur saharar ekartzea. Nahiz eta aurtengo kopuru zehatza ez jakin, badakit iazko familia guztiok errepikatuko dugula eta beste bi familia gehiago lortu ditugula. Beraz, pozik gaude.

Zer da zuretzat Oporrak Bakean?

Saharar herriak bizi duen gatazkaren erakusleihoa da. Beti esaten dugun bezala, azkena izan dadila espero dugu, horrek esan nahiko duelako Mendebaldeko Saharan aske daudela. Hori gertatu bitartean ez diegu bakarrik utzi nahi eta Oporrak Bakean bezalako programa kanpamentuetan bizirauteko aukera bat da. Hori beraientzat oso gogorra da, baina programa honekin beste bizimodu bat edukitzea posible dela erakusten diegu.

Zer eman dizu programa honek?

Batetik, lau seme-alaba; egun zaharrenak 23 urte ditu, eta gainontzekoek, 20, 17 eta 11 urte. Adin guztietakoak ditut! Izan ere, bi hilabetez nire etxean egon dira eta nire haurrak izango balira bezala zaindu ditut. Baina, haur horien atzetik familia bat dago eta hori niretzako ere familia da. Bestetik, beste begirada bat eta kanpamentuetako errealitatea ezagutzeko aukera.

Haur horiekin kontaktua mantentzen jarraitu duzu?

Dudarik gabe. Telefonoz hitz egiten dugu eta ahal den neurrian laguntzen saiatzen naiz; paketeak bidaltzen dizkiet eta kanpalekuetan ere izan naiz beraiek bisitatzen. 2016ean bidaiatu nuen lehen aldiz. Nire ahizparekin joan nintzen eta harrituta geratu nintzen. Hara joaten zarenean pentsatzen duzu hango errealitatea ikusteko prest zaudela, baino ez da hala. Kolpe latza izan zen eta etxera bueltakoan oso gogorra egin zitzaidan. Pandemia amaitu zenean bigarren aldiz joan nintzen, 2022an.

Zein gomendio emango zenioke, lehen aldiz, Oporrak Bakean programan parte hartuko duen pertsona bati?

Beldurrak alde batera uzteko. Ez da hala nola hartu daitekeen erabakia; gogoa, denbora eta gozatzeko prest egon behar duzu. Udara segituan igarotzen da eta konturatzerako bi hilabeteak pasa dira. Familien artean harreman oso ona dugu eta denok laguntzeko prest egoten gara beti. Beraz, animatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!