Erreportajea

Atzoko doinuak, gaurko trikitian

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko mar. 12a, 07:59

IƱaki Letamendia, ezkerrean, 2024ko ekainaren 9an Villabonan egin zuten emanaldian. Argazkiak: Egoitz Bengoetxea

Sagel musika taldeak, Oinkari dantza taldearekin batera, Iñaki Letamendia Arsuaga perkusio-jotzaile tolosarrak sortutako 'Ura gara bidean' ikuskizuna egingo du, ostiralean, Topic-en, 20:00etan.

Aukera ederra da, herrian, nik sortu dudan ikuskizun hau egitea. Sentimenduz beteriko emanaldia izango da», adierazi du Iñaki Letamendia Arsuaga perkusio-jotzaile tolosarrak. «Oso pozik» dagoela aitortu du, irribarrea kendu ezinik. Bera kide den Sagel taldeak eta Villabonako Oinkari dantza taldeak, Ura gara bidean ikuskizuna eskainiko dute, etzi, Tolosako Topic zentroko aretoan, 20:00etan.

Letamendiak «aspalditik buruan bueltaka» zuen amets bat da Ura gara bidean proiektua. «Oso gustuko dut trikitia, eta garai batean, erromeria talde batean aritu nintzen. Hala ere, jabetu nintzen zerbait desberdina egin nahi nuela; esperimentatzeko gogoa nuen». Tolosarrak azaldu du «aukera on bat» topatu zuela: «Trikitia, kasu honetan soinu txikia, eta perkusioa uztartu nahi nituen; bi instrumentu horiek bakarrik».

Karlos Sagi perkusio-jotzailearengana jo zuen orduan Letamendiak. «Berehala ulertu ninduen», nabarmendu du. «Trikitia bera balioan jarri nahi nuen, baita garai bateko Sakabi, Gelatxo eta Elgeta trikitilari gipuzkoarren lana ere, baina gaurkotasunera ekarrita. Hiru trikitilarien zenbait abesti hartu eta moldaketak egin genituen. Ez daukate zerikusirik jatorrizko abestiekin. Hortaz, kantu horiek presente egongo dira ikuskizunean, baina beste era batera», azaldu du.

Behin abesti berriak sortuta, Letamendiak «oso argi» zuen nortzuk izango ziren ondoan izango zituen kideak. Lehenik, Errenterian bizi den Andoitz Antzizar trikitilariarengana jo zuen. «Harreman oso ona daukagu, eta trikitilari oso ona da». Ondoren, ikuskizunean entzuten diren off ahotsak trikitilari historikoen bizitza goraipatzen dute grabatzeko, Iñigo Legorbururekin jarri zen harremanetan. Azkenik, Izaro Markotegi abeslariarengana jo zuen. «Proiektua aurkeztu nien, eta berehala eman zidaten baiezkoa. Oso erraza izan zen». Ondoren, elkartu, emanaldia prestatu eta entseatzen hasi ziren.

Dantzak ere, gaurkotuak

Hala ere, arestian aipatu moduan, Letamendia ez da ostiraleko ikuskizunean ariko den eskualdeko artista bakarra izango. Oinkari dantza taldeko kideek ere parte hartuko dute. «Garbi nuen beraiek dantzatu behar zutela oholtzan. Sortu dudan ikuskizun motarako, ezin egokiagoak dira. Denon artean asmatu dugulakoan nago, eta kalitate handiko taldea osatu dugu. Uste dut emaitza dotorea lortu dugula».

Aipatutako hiru trikitilarien figurak eta euren ibilbidea gogoratu eta gorestea da ikuskizunaren helburua, euren kantu eta piezetatik abiatuta eta gaurko musika moldeetara ekarrita. «Trikitiaren atzoko eta gaurko munduak uztartuko dituen ikus-entzunezko bidaia oparoa izango da, sorpresaz betea, non ikusleak ez duen bidaiatik jaitsi nahi izango», esan du Letamendiak. «Tradizioa entzun ahal izango da, baita gaurkotasuna ere. Dantzak ere gaurkotuak izango dira», gaineratu du.

Tolosarrak joko dituen instrumentuak, baina, nahiko tradizionalak izango dira. «Ez dut bateria joko; atabal baxuarekin, atabalarekin, kaxoiarekin eta txindatekin ariko naiz». Panderoa ere entzun ahal izango da, baina Antzizarrek joko du.

Oinkariko bi dantzari, eta atzean, Andoitz Antzizar, panderoa jotzen.

Ehun urtera, tradizioa

«Urak egiten duen moduan, bizitzak etengabe eramaten gaitu fase berrietara, eta guztiok ari gara modernizatzen, eraberritzen. Hori dela eta, ikuskizun hau egiteko beharra sentitu nuen», azaldu du Letamendiak. «Pentsatzera eta gogoetara eramango gaituzten testuak entzungo ditugu; ikusleek tentu handiz entzun beharko dituzte».

Tradizioa gara edo tradizioak egiten gaitu? Tradizioak olatuka funtzionatzen du edo guk sortzen ditugu tradizioaren olatu berriak? Horiek dira Sageleko kideek egiten dituzten galderak eta, Letamendiak azaldu duenez, horiek erantzuteko galdera gehiago proposatzen dituen ikuskizuna da Ura gara bidean. «Beharrezkoa da ikusleari gogoeta eragitea. Argi dugu tradizioa balioan jarri behar dugula, baina ezin garela horretan geratu. Orain egiten ari garena, hemendik ehun urtera, tradizioa izango da. Etengabe berritzen ari garela erakutsi nahi dugu».

Hirugarren saioa, eta gehiago bidean

Tolosakoa ez da eskualdean egingo duten lehen emanaldia izango. Iaz, ekainaren 9an estreinatu zuten ikuskizuna, eta uztailaren 14an, Lizartzan egin zuten. «Harrera oso ona izan genuen bi saioetan. Ez nuen inolaz ere espero, eta oso gustura geratu ginen. Publikoak ere asko gozatu zuen». Tolosako saiorako oraindik sarrerak salgai daude. Topic-eko leihatilan edo Entradas.cittolosa.com webgunean erosi daitezke, 10 euroan.

 

Letamendiak aitortu du ikuskizun berriak udalei saltzeak «lan handia» eskatzen duela. «Oso zaila da. Tolosako aukera aprobetxatu nahi dugu, eta baditugu beste zenbait bidean; aurrera begira, beraz, saio gehiago egiteko asmoa dugu. Ea 2025a oparoa izaten den».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!