Adineko pertsonentzako gizarte-boluntariotzan aritzen den erakundea da Nagusilan. Joserra Ecenarro bertako lehendakariaren hitzena, bere eginkizuna bakardadean dauden adinekoei laguntzea, babestea eta animatzea da, «konpromiso sozialaren bidez adinekoen ahalduntzean sustatuz, eta beharrean daudenei ahotsa emanez». Asko dira elkartean egiten dituzten ekintzak, eta aurten, 30. urteurrenaren harira, beste pauso bat ematea erabaki dute.
Honela, goizean, Nagusilan elkarteak eta TAK Oriak lankidetza sinatu dute. Tolosako udaletxeko pleno aretoan egin dute ekitaldia, eta Ecenarrorekin batera bertan izan da Sabino Alijostes TAK Oriako presidentea.
Akordioaren helburua Tolosaldean zahartze aktiboa, belaunaldien arteko partaidetza, boluntariotza eta kirola sustatzea da. Nagusilaneko boluntarioek egindako jardueren artean, eskola-baratzeetan egindako lana eta buru osasuneko arazoak dituzten pertsonei hirian zehar egindako ibilaldietan laguntzea nabarmentzen dira. Bada, akordioaren bitartez, proiektua arraunera hedatu nahi dute, Tolosaldeko adinekoek kirol horretaz gozatzeko aukera izan dezaten.
ELKARTE FESTA HANDIA
Horrez gain, lankidetza horren barruan, Elkarte Festa Handi bat egiteko asmoa dute. Maiatzaren 8an, osteguna, izango da eta boluntarioak eta hainbat jardueratan parte hartzen dutenak bilduko dituen ekitaldia izango dela azaldu du Ecenarrok.
11:00etan abiatuko dute egitaraua eta Topic zentrora bisita gidatua egingo dute. Horren ostean, 12:00etan, Andra Mari elizara joango dira, eta bertan, kanpandorrera igo eta Tolosako Alde Zaharrean zehar ibiltzeko aukera izango dute. Eguerdian, 14:00etan, bazkaria egingo dute Tolosako Jubilatuen Etxean. Eta, azkenik, 16:00etan TAK Oriaren instalazioetara bisita egingo dute eta txalupan paseatzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek.
Ekitaldi hau, momentuz, Nagusilan elkarteko boluntario guztientzat dago zabalik, «eta gozamenerako eta elkarbizitzarako jardunaldia» izatea espero dute. Horregatik, Nagusilaneko boluntario guztiei dei egin diete izena eman eta parte har dezaten, 943 475 021 zenbakira deituta edo info@nagusilan.org helbidera idatzita. Topaketa eta elkartasun jardunaldi berezia izango dela agindu dute.
TOLOSAKO UDALAREN BABESA
Tolosako Udalak bere aldetik, hitzarmena babestu du, adinekoek bizitza sozial eta komunitarioan parte-hartze aktiboa izatearen garrantzia aitortuz. Kristina Pelaez Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen arduradunaren ustez, «tokiko erakundeen eta Nagusilan bezalako boluntarioen elkarteen arteko lankidetza funtsezkoa da eskualdeko adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko eta gizarte-ehuna indartzeko». Horregatik, udala zaintza diagnostikoa lantzen ari den honetan, gisa honetako proiektuak norabide horretan doaz.