Elkarretaratzea eraso euskarafoboa salatzeko

Ataria 2025eko martxoaren 11

Zaldunita eguneko erasoaren irudia, Tolosako geltokian. Euskal Herrian Euskaraz

Euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik Renfeko segurtasun agente baten erasoa jasan zutela salatuko dute ostegunean, geltoki aurrean.

Euskal Herrian Euskaraz-ek deituta, elkarretaratzea egingo dute ostegunean Tolosako tren geltokiaren aurrealdean, 19:00etan. Deialdi horrekin, iragan igandean Renfeko segurtasun agente batek EHE-ko bi kide euskaraz hitz egiteagatik mehatxatu eta eraso zituela salatuko dute.

Euskal Herrian Euskaraz-etik azaldu dutenez, segurtasun agenteari euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik oldartu zitzaion EHE-ko kide bati. «Segurtasun agentea euskaldunon aurkako mezuak oihukatzen hasi zen, berari euskaraz ez mintzatzeko esanez eta ‘Hau Espainia da’ adieraziz; elkarteko kidea lurrera bota eta atxiki egin zuen denbora batez». Horrelako erasoak «onartezinak» direla esan dute EHEtik.

Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok gertakariaren biharamunean esan zuen «kezkaz» jaso zuela albistea. Udaletik gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatu dituzte eta euskaldunon kontrako gisa honetako erasoak erabat arbuiagarriak direla gaineratu zuen, «baita jarrera fisiko horiek ere».

Galtzaundi Euskara Taldetik ere irmoki salatu dute herritarrak euskaraz egiteagatik jasotako erasoa eta emandako tratua. «Euskararen aurkako erasoak ez dira onargarriak. Tolosan ere euskaraz bizi gara», esan dute.

Euskal Herrian Euskaraz elkartetik esan dutenez, «segurtasun agenteak Tolosan egindako erasoak ez du inolako ondoriorik izan eta hori onartezina da». Adierazi dutenez, «ekintza euskarafoboen inpunitatearekin» amaitu beharra dago, eta horregatik deitu dute osteguneko elkarretaratzea: «Euskararen eta euskaraz bizi nahi dugunon aurkako erasoak biderkatzen ari diren honetan, harrotasunez eta tinkotasunez erantzun behar dugu, kaleetan mobilizatuz eta euskararen etsaiak nortzuk diren agerian utziz. Tamalez oraindik euskaldunok ezinbestekoa dugu gure autodefentsa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!