Imanol Rojo: «Balantzea oso positiboa da»

Ataria 2025eko martxoaren 10a

Iraupen eskiko Munduko Txapelketan lehiatu da Imanol Rojo tolosarra. Hiru probatan hartu du parte eta 50 kilometrokoan 30. postua lortu du, beretzat emaitza «oso garrantzitsua».

Denboraldi zaila izan du iraupen eskiatzaile tolosarrak, mononukleosia izan baitzuen hasieran, eta atseden hartzera behartu zuen. Munduko Txapelketaren balantzea «oso positiboa» dela esan du, izan duen denboraldia eta gero. «Egunero hobeto sentitzen joan naiz». Lehenengo proban, 20 kilometroko eskiatloian, 50. postua lortu zuen. «60. dortsalarekin atera nintzen eta oso azkar atera ziren aurrekoak, eta oso zaila izan zen emaitza hobeagoa lortzea. Baina sentsazioak oso onak izan ziren», esan du Rojok. Bigarren proban, 10 kilometrokoan dortsalarekin ere zorte txarra izan zuela azaldu du: «Elurra egiten zuen, eta aurreneko dortsalarekin atera nintzen eta pista ireki behar izan nuen. 10 kilometro izateko oso ondo sentitu nintzen. Nire helburua zen 20 kilometroko lasterketako postua hobetzea zen. Ez da ni ondoen moldatzen naizen proba 10 kilometrokoa, baina 49. postua egin nuen, eta sentsazioak hobetzen zihoazen».

Larunbatean izan zuen bere hirugarren proba, 50 kilometrokoa. «Hori zen helburu nagusia eta esperantza nuen ondo egiteko. Nahiz eta 52 dortsalarekin atera, gero eta hobeto hasi nintzen sentitzen. Nahiz eta erorikoa izan, 30. postuan justu iritsi nintzen, eta izandako denboraldiarekin postu hori lortzea niretzako oso garrantzitsua da», zehaztu du Rojok. «Horrek esan nahi du birusa atzean utzi dudala, osatzeko bidean nagoela, eta nire maila berreskuratzea lortu dudala».

Aurrera begira, Espainiako Txapelketak egitekoa zen Rojo, baina asteburu horretan, martxoaren 22 eta 23koan, Munduko Koparen finalean 50 kilometroko proba dago Finlandian, eta bertara joatea pentsatzen ari da. Modu horretara saiatuko da «postu on bat lortzen» datorren urteko Olinpiar Jokoei begira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!