Zabu irisgarri bat jarri dute Tolosan, lehen aldiz

Ataria 2025eko martxoaren 10a

Argazkia: Tolosako Udala.

Ostiralaz geroztik, zabu irisgarria du Amaiur haur parkeak, urritasun funtzionalen bat duten haurrek bertan jolastu ahal izateko.

Urtarrilean Amaiur haur parkeko zorua konpontzeko lanak abiatu zituen herri lanetako udal brigadak. Inauterien aurretik, Foru etorbidearen alboko egurrezko egitura desegin zuten eta, horren ordez, hormigoizko beste bat eraiki, azpian zaborra ez pilatzeko eta irrist egiteko arriskua gutxitzeko. Mantenu-lanak, jaiak pasa ondorenerako utzi zituzten.

Bada, pasa den ostiralean egin zituzten lan horiek. Zabu irisgarri bat jarri zuten hondatutako baten ordez; gisa honetako lehena da Tolosan. Urritasun funtzionalen bat duten haurrek parkean jolastu ahal izatea da helburua. Horrez gain, moketan zeuden zulo batzuk estali eta parkeko beste zenbait elementu konpondu zituzten brigadako langileek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!