Laiane Arrospide VI. Mahasti Kroseko azkarrena

Ataria 2025ko mar. 10a, 12:51

Laiane Arrospide saria jasotzen. Iturria: Guka

Ehun korrikalarik hartu zuten parte Talaimendiko mahasti arteko zazpi kilometroko ibilbide malkartsuan. Emakumezkoetan erraz irabazi zuen Laiane Arrospide tolosarrak, 38:56 denborarekin.

Korrikarako eguraldi paregabearekin jokatu zen atzo, VI. Mahasti Krosa Talaimendiko mahastietan barrena. Korrikalariek zazpi kilometro malkartsuko ibilbidea bete zuten, Talai Berri txakolindegitik abiatuta. Mollarriko kargalekura joan-etorria egin zuten aurrena, eta gero, mahastietan barrena ibili ziren gora eta behera. Eskualdeko ordezkariak bikain aritu ziren: Tolosako Laiane Arrospidek irabazi zuen emakumezkoetan eta Adunako Asier Aburuzak hirugarren egin zuen gizonezkoetan.

Emakumezkoetan erraz irabazi zuen lehia Laiane Arrospide tolosarrak. 38:56 denbora egin zuen, eta minutu pasako aldea atera zion bigarrenari, Irune Lertxundi oriotarrari (40:09). Podiuma Ioana Osa ondarroarrak osatu zuen (41:33).

Gizonezkoetan marka berria ezarri zuen Ibai Makazaga zarauztarrak. Aise gailendu zen 29:50 denborarekin. Marka 31:16 denboran zegoen eta, beraz, minutu eta erditik gorako aldea jarri zuen atzokoan. Bigarren beste oriotar batek egin zuen, Mikel Usandizagak. 31:08 denbora eginda, horrek ere lortu zuen atzora arte zegoen marka hobetzea, baina ez, ordea, Makazaga taldekideari irabaztea. Orioko Kamel Ziani Atletismo Taldekoak dira biak, izan ere. Asier Aburuza adunarrak egin zuen hirugarren gizonezkoetan, 32:24 denborarekin.

Talai Berri txakolindegiak berrikuntza bat txertatu du aurtengo edizioan. Izan ere, orain arte, irabazleek beren pisua adina txakolin botila jasotzen zuten. Aurten, ordea, bi irabazleen pisuak batu dituzte, gizonezkoarena eta emakumezkoarena, gero erdibana egiteko. 113 kilo pisatu dituzte, eta beraz, bakoitzak 56 botila inguru eskuratu ditu. 

Guka komunikabideak lasterketaren jarraipena egin du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!