Inauterien ondorena 25

Kantuan eta dantzan agurtu dituzte aurtengo inauteriak

Leyre Carrasco 2025ko mar. 9a, 14:15

Piñata igandeko ohitura denez, emanaldi berezia egin dute eguerdian Leidor aretoan; bertan izan dira Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Tolosako musika eskolako ikasleak, Tolosako Udal Txistulari Banda eta Herrikide's taldea.

Piñata igandea da gaurkoa, eta horregatik, inauteri doinuek hartu dute, azkenekoz, Tolosa. Ohi moduan, Leidor aretoan emanaldi berezia egin dute. Tolosako musika eskolako ikasleek, txistulariek eta Herrikide's taldearen doinuek bete dute aretoa, eta Tolosako erraldoi eta buruhandien konpartsak jarri ditu bertaratu diren familia guztiak dantzan. Haur, gazte zein heldu, belaunaldi guztietako familiak elkartu dira beste urte batez Leidor aretoan eta giro ederrean agurtu dituzte aurtengo inauteriak.

Hala ere, kalean ere entzun ahal izan dira inauteri doinuak. Izan ere, Tolosako Eduardo Mokoroa udal musika eskolako ikasleen bandak urteroko ohiturari eutsi eta herriko kaleak alaitu ditu inauterietako doinuak joz. Erretiroa hartzear dagoen Migel Angel Morenok zuzendu du azkeneko aldiz banda. Horrez gain, Poca Tripa txarangak eta konpartsak emanaldia eskaini dute Iurreamendi egoitzan. Eta egunarekin amaitzeko, suzko zezena irtengo da, 19:00etan, Plaza Zaharretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!