M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2025

«Zentzu iraultzailea eta borrokalaria» eman nahi izan dio Itaiak martxoaren 8ari

Ataria 2025eko martxoaren 8a

Itaia emakumeen antolakunde sozialistaren esanetan, azken urteetan M8a «aldarrikapen hutsalez» bete da, eta «egunak berak duen zentzu iraultzailea eta borrokalaria» guztiz desagertu dela.

Gaur arratsaldean manifestazioa egin du Itaiak Tolosako kaleetan. M8an alderdi politikoek eta enpresek morez koloreztatutako keinuak egiten dituztelakoan dago Itaia, «baina errealitateak bere horretan jarraitzen du; gure ustez, inoiz baino urgentzia handiagoa du borrokarako deia zabaltzeak».

Izan ere, «matxismoak emakumeon eguneroko ogia» izaten jarraitzen duela diote, eta zentzu horretan, M8ak «matxismoaren aurkako borrokan kaleak hartzeko eguna» izan behar du Itaiaren arabera. «Batetik, ideia erreakzionario eta faxistei aurre egin behar diegu, besteak beste, emakumeon zapalkuntza eta matxismoa bera ukatzen dutelako. Diskurtso hauen aurrean, guztiz beharrezkoa da instituzioetatik at matxismoaren aurkako zentzu komun bat eratzea eta baita eraso eta erasotzaileen inpunitatea borrokatu eta eraso oro salatu eta desnormalizatzea. Bestetik, instituzioetan, ezker zein eskuin, egiten dizkiguten promesa faltsuei aurre egin eta emakume langileon askapenaren aldeko borrokan lehen lerroa hartu behar dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!