Karroza batek eta hainbat konpartsek Asteartita egunez kalera ateratzeko debekua jaso zuten Kultura eta Gazteria sailek, Udaltzaingoak eta alkatetzak osatzen duten koordinazio mahaiaren eskutik. Udalaren esanetan, inauterien aurretik egindako bileretan adostutako arauak ez zituzten bete eta horregatik hartu zuten erabakia. Bada, Nafarroa etorbideko konpartsak izenarekin sinatutako oharrean adierazi dute ez daudela ados udalak eurekin izan duen jarrerarekin, eta erabakia berrikusteko eskatu dute.
Konpartsetako kideek adierazi dutenez, euren bozgorailuak «ondo eta egoki» erregulatuta zeuden, eta euren ustez, ez zuten inolako arau-hausterik egin. Igandean «bestelako karrozen presentziak eta taldeen kokapenak» dezibelioen neurketan eragin zuela uste dute: «Hainbat momentutan hiru karroza jende ugariz inguratuta egon ziren, eta neurketak momentu hauetan egin baziren, emaitzak ez lirateke objektiboak izango. Araudian argi jartzen du neurtutakoa musika-ekipoaren bolumena dela, eta mugikor batekin egindako neurketak ez du diskriminatzen musikaren bolumena eta kaleko zarata. Neurketak Nafarroa etorbidean egin ziren, plataforma guztien bozgorailuak piztuta zeudenean, honek besteen karrozen neurketan eragina izan dezake, karrozak bata bestetik gertu baitzeuden».
Horrez gain, neurketak mugikorreko aplikazio baten bidez egin izana ere zalantzan jarri dute; «ez deritzogu oso egokia, ez baita ondo kalibratutako gailu homologatu bat bezain zehatz eta fidagarria. Ez hori bakarrik, ezinbestekoa da protokolo bat ezartzea, non konpartsa guztientzat baldintza berdintasuna bermatzen den».
Konpartsetako kideek soinua gainditu izanaren frogak ez zaizkiela erakutsi ere salatu dute. Era berean, Asteartita egunez ateratzeko baimena kendu izana jakinarazteko mezua bidali ostean, euren kexei «ez ikusiarena egin» ziela udalak esan dute: «Ezinezkoa da magnitude hori duen erabaki baten ondoren gure kexei erantzuna guztizko isiltasuna izatea. Isiltasun horrek oso garbi uzten du Kultura sailak gurekiko izan duen jarrera».
Gehitu dute ez daudela ados Tolosako Udalak beraiekin izan duen jarrerarekin. «Parte hartzen duten taldeei entzutea eta kooperazioa eskaintzea beharrezkoa da, eta, ikusten denez, hau falta izan da». Asteartean Ferialekuan agertu zirenean jasotako erantzuna «penagarria» izan zela eta «mespretxatuak» sentitu zirela esan dute. Euren bozgorailuen potentzia neurtzea eskaini zuten, «igandeko neurketen kontraste gisa eta behar bezala erregulatuta zeudelako froga bat izan genezan».
«Baztertuta eta babesgabe» sentitu direla udalak harturiko erabakiaren aurrean adierazi dute; «inongo momentuan ez dugu geure burua defendatzeko aukerarik izan, ez dugu frogarik ikusi eta zigortuak izan gara». Gainera, «egindako lan eta esfortzu guztiaren ondoren» diru laguntza eskatzeko ahalmena ere kendu zaiela salatu dute.
Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak asteazkenean, hilaren 5ean, inauterien inguruan eginiko balantzean elkarbizitzaren ideia denek ez dutela «behar bezala barneratu» aipatu zuen. Konpartsetako kideek salatu dute alkateak ez duela «inongo momentuan» eurekin hitz egin, «beraz duen bertsio bakarra Kultura sailarena da».
Horia guztia aintzat hartuta Asteartitan ateratzeko baimena kendu izana berrikustea eta frogak erakustea eskatu dute. Berrikuspena euren aldekoa izatekotan, dagokien diru laguntza eskuratzeko eskubidea berreskuratzea ere eskatu dute.