Martxoaren 8aren atarian, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak esan du, azken urteetan M8a «aldarrikapen hutsalez» bete dela, eta «egunak berak duen zentzu iraultzailea eta borrokalaria» guztiz desagertu dela. «Alderdi politikoek eta enpresek morez koloreztatutako keinuak egiten dituzte, baina errealitateak bere horretan jarraitzen du; gure ustez, inoiz baino urgentzia handiagoa du borrokarako deia zabaltzeak».
Izan ere, «matxismoak emakumeon eguneroko ogia» izaten jarraitzen duela diote, eta zentzu horretan, M8ak «matxismoaren aurkako borrokan kaleak hartzeko eguna» izan behar du Itaiaren arabera. «Batetik, ideia erreakzionario eta faxistei aurre egin behar diegu, besteak beste, emakumeon zapalkuntza eta matxismoa bera ukatzen dutelako. Diskurtso hauen aurrean, guztiz beharrezkoa da instituzioetatik at matxismoaren aurkako zentzu komun bat eratzea eta baita eraso eta erasotzaileen inpunitatea borrokatu eta eraso oro salatu eta desnormalizatzea. Bestetik, instituzioetan, ezker zein eskuin, egiten dizkiguten promesa faltsuei aurre egin eta emakume langileon askapenaren aldeko borrokan lehen lerroa hartu behar dugu».
Bestalde, Itaiak adierazi duenez, bizitzen ari garen «krisi-testuinguruan lan-baldintzen okertzeak, lan-kaleratzeak, bizitzaren garestitzea, zerbitzu publikoen murrizketak... areagotzen ari dira». Egoera honek «modu bereizgarrian» eragiten duela emakume langileengan uste dute: «emakume asko eta asko aitortza sozial eta ekonomiko baxua duen lan-sektoreetan txertatzen da, eta sektore feminizatu hauen pribatizazioak (zaintza, kasu) lan-baldintzak okertzen ditu». Horri, familiako zaintza-lanengatik lanaldi partzialean lan egin beharra gehitu diote.
Beste kasu batzuetan, emakumeak «sexu-industriara kondenatuta» daudela dio Itaiak. «Gure gorputzen gaineko merkantilizazioa normalizatzen da; gaur egun prostituzioa milaka emakumeren bizirauteko modua bilakatu da, eta gainera, plataforma berrien agerpenek (Onlyfans edo TikTok plataformak, esaterako) emakumeon sexualizazioan sakontzeko funtzioa betetzen dute, emakumeek haien sexualitatea edozein momentutan saltzeko aukera ematen baitute».
Itaiaren arabera, feminismoak «instituzionalizatzeko hautua» egin du: «kale mailako borrokak lausotu egin dira eta berdintasunaren aldeko aldarria edozein kanpaina politikotan txertatuta ikus dezakegu, euren buruak zuritzeko probestuz». Itaiak, ordea, argi du alderdi politikoen lehentasunak «guztiz ekonomikoak» direla: «Enpresa handien interesak lehenesten dira eta horrek ekarri duena zera da, emakumeok bizi dugun zapalkuntza indartzea eta indarkeria hori kudeatzera mugatzen direla soilik instituzioak».
Bada, eskualdeko emakume orori mobilizatzeko dei egin diete Martxoaren 8an Itaiatik. Tolosako Trianguloa plazatik 18:30ean abiatuta egingo dute manifestazioa.