Ostiralean hasiko da Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

Ataria 2025eko martxoaren 6a

Errezilen egingo den kanporaketan kantatuko du Danel Etxeberria tolosarrak. Finala Azpeitiko Elikagunean jokatuko da apirilaren 4an.

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketak ostiralean hasiko du hiru hilabeteko bidea, Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak lankidetzan antolatuta. Egutegian, Gipuzkoako Eskolartekoa jokatzen da lehenik, ondoren, Nafarroakoa, Arabakoa, Bizkaikoa eta Xilabako Gazte Xapelgoak ixten du herrialdeetakoa. Bukatzeko, Euskal Herriko finala, herrialde bakoitzean aurren-bigarren gelditu diren bertsolariekin antolatzen da.

Gipuzkoako Eskolartekoan 26 bertsolari gaztek hartuko dute parte aurtengo edizioan. Lau kanporaketa eta finala izango ditu eta aurten finalean aldaketa batekin dator: urte askoan Lasturren egin izan da, bertsolari gazteen asteburu pasarekin batera eta, aurten, Azpeitian jokatuko da, Elikagunean. Kanporaketa bat Amasan jokatuko da, bertako elkartean, eta gainerakoa, Errezilen, Aretxabaletan, eta Aizarnazabalen izango dira, elkarteetan hauek ere eta afalondoko formatuan. Iaz, June Aiestaranek jantzi zuen txapela eta Joanes Azpillaga gelditu zen txapeldunorde.

Lehenengo kanporaketa, martxoaren 7an egingo dute, Errezilen. Zazpi bertsolari gazte ariko dira kantuan: Amets Zubizarreta, Danel Etxeberria, Jakes Etxeberria, Jare Antzizar, Julen Olaizola, Kattalin Arabaolaza eta Uhaitz Oiarzabal. Afaritarako sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!