Olarraingo ur depositua kentzeko lanak hasi dituzte

Ataria 2025eko martxoaren 6a

Aurrerantzean udalerritik datorren saretik hornituko dira bertako bizilagunak.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioa Olarraingo ur-biltegia kentzeko lanak egiten hasi da. Gaur egun, Olarrain auzoa eta Aldaba Txikira doan GI-2436 errepidearen ondoan dauden etxebizitzak eta industriak Olarraingo ur gordinaren biltegitik hornitzen dira. Egun dauden arazoak direla eta, obrek ahalbidetuko dute hornidura udalerritik datorren saretik egitea.

Horretarako, dagoen hornidura berrituko dute. Obrak izaera lineala du, eta zangak egitea, hodiak eta putzuak instalatzea eta erregistro-kutxetak egitea hartzen ditu barne. Eragindako eremuetako batean 100 mm-ko diametroko hodi bat jarriko da, eta azken tartean, berriz, polietilenozkoa, 75 mm-koa.

Ibilgailuen zirkulazioan eragingo duten jarduketak aldez aurretik jakinarazi eta adostuko dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, zuzendaritza fakultatiboarekin, teknikariekin eta udaltzaingoarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!