36 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Tolosan, goizaldean

Ataria 2025eko martxoaren 5a

Ertzaintzaren arabera, atxilotuak hautsitako botila batekin eraso du beste gizonezko bat. Azken hau, Asuncion Klinikara eraman dute, lepoan zauri batekin.

Gertaera goizaldeko 01:45ak aldera izan da. Honela adierazi dute Segurtasun Sailetik: «Herritarrak babesteko lanetan ari zen Ertzaintzaren patruila bat Tolosako ostalaritza-lokal batera hurbildu da, bi pertsona borrokan ari zirela jakin ondoren. Iritsi direnean, agenteek egiaztatu dute pertsona bat odola dariola zegoela lepoaren alde batean eta esku batean zituen zaurietatik. Establezimenduko segurtasun-langileek eutsita zuten beste gizon batek ere lesioak zituen esku batean, eta bere onetik aterata zegoen».

Esku hartu duten ertzainek bildutako informazioaren arabera, «biak eztabaidan hasi dira taberna barruan, eta kanpora irten direnean borrokan hasi dira». Dirudienez, helduta zuten gizonak hautsitako kristalezko botila batekin eraso egin dio besteari. Bertaratu den anbulantzia bateko osasun-langileek lekuan bertan artatu dute ustezko erasotzailea, eta lesio-delitua leporatuta atxilotu dute.

Lepoan zauritutako gizona, berriz, Asunción Klinikara eraman dute. Atxilotua Agintari Judizialaren eskuetan jarriko dute beharrezko polizia-eginbideak amaitutakoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!