Asteartita 25

Karroza bat eta hainbat konpartsa ezin izan dira atera gaur, «arauak ez betetzeagatik»

Ataria 2025eko martxoaren 4a

Inauterietako gaurko koordinazio mahaian hartu dute erabakia. Udalak esan du karrozak igandean ez zuela txarangak pasatzerakoan musika kentzeko araua bete, eta konpartsek, egindako zarata neurketetan muga pasa zutela.

Karroza batek eta hainbat konpartsek udalaren mezua jaso dute gaur, ateratzeko baimenik ez zutela jakinaraziz. Udalaren esanetan, inauterien aurretik egindako bileretan adostutako arauak ez dituzte bete eta horregatik hartu dute erabakia, gaur, Kultura eta Gazteria sailek, Udaltzaingoak eta alkatetzak osatzen duten koordinazio mahaian.

Konpartsei buruz udalak esan du aurreko egunetan behin baino gehiagotan ohartarazi zietela musika altuegi zutela, baina ez zutela kasurik egin. Karrozari lotuta ere gauza bera esan du; Zaldunitan musikaren bolumena neurtu zutela eta muga pasa zutela. Bolumena jaisteko eskatu zieten, baina ez zutenez kasurik egin, gaur ateratzeko debekua jarri diete. Udalak nabarmendu du, aurrez araudi bat landu dela eta bilera bat baino gehiago egin dela arauen berri emateko.

Konpartsetako kideek 'Ataria'-ri esan diotenez ez da egia musikaren bolumenaren muga pasa zutela, izan ere, bozgorailuak jada, baimendutako dezibelioen arabera mugatuak dituzte. Kide horien ustez, guzti honen atzean helburu garbia dago: «konpartsa txikiak inauterietatik kanporatzea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!