Alboradako gosariarekin indarrak hartu ostean, pattar zezenaren txanda izan ohi da. Horretarako, zezen plazarako bidea hartu dute inauterizale guztiek, eta kalejiran joan dira Tolosako txarangen laguntzaz. Urdiña Txiki, San Esteban, Sukalde, Arco Iris edota Kabila txarangak izan dira, besteak beste, Trianguloa plazatik igaro ostean, San Frantzisko pasealekutik joan direnak. Tartean batu zaizkie esnatu berri diren herritarrak.
Zezen plazan, aldiz, parrandazaleak bildu dira batetik, eta bestetik, goizean zezenetara joateko prestatu dena ere saltoka iritsi da. Inauterizale ugarik bete dituzte harmailak eta txarangen doinuekin kantuan eta dantzan aritu dira. Plazan, berriz, ausarta batzuk zezenaren aurrean jartzera animatu dira eta gutxi batzuk egin dituzte errekortari lanak. Aurten, gainera, pattar zezeneko errekortari onena saritu dute, eta hori izan da Iñigo Goikoetxea tolosarra.