Atzo Tolosara gerturatutako parrandazale askok, nekeak eraginda, etxerako buelta hartu dute. Tartean, ordea, badira oraindik ohean sartzeko gogorik ez dutenak. Horiek guztiak udaletxe atarian bildu dira, Asteartita gogo handiz hasi duten inauterizale goiztiar guztiekin batera. Tolosako Udal Txistulari Bandak goizeko 6:00etan jo dituzte alboradako lehen notak eta horiek entzutearekin batera saltoka hasi dira denak, anis edalontzia eskuan eta gailetak ahoan dituztela.
Behin udaletxe atariko lanak amaituta, Berdura plazara joan dira txistulariak, eta bertatik, Gorriti plazara. Herritarrak, aldiz, batzuk etxerako bidea hartu dute eta beste askok zezen plazarakoa, txarangak lagun dituztela.