Zer dira zuretzat Tolosako inauteriak?
Etorri nintzenetik argi daukat Tolosako inauteriak ikusgarriak direla, izugarriak. Beti izan naiz oso inauterizalea, txikitatik mozorrotzea asko gustatu izan zait. Hona iritsi nintzenean, eta bertako kuadrillarekin hasi nintzen ateratzen. Zortez, eurak ere oso inauterizaleak dira, eta lagun hauek topatzea ere izugarria izan da.
Txikitan nongo inauteriak ezagutzen zenituen?
Eibarren jaioa naiz baina Deban bizi izan nintzen. Bertakoak ezagutu nituen, baina egun bakarra izaten zenez, labur egiten zitzaidan. Hala eta guztiz ere, izugarri gozatzen nuen. Gero hona etortzean eta hauek ezagutzean, pentsa nire poza.
Zer daukate Tolosako inauteriek?
Gauza zoragarria da. Mozorroekiko maitasun hori ikusgarria da, eta horrek giro zoragarria sortzen du Tolosako inauterietan. Herri txikietan ere izaten da giro hori, baina Tolosakoak niretzako izugarriak dira, bakarrak.
Aurtengo inauteriak nola ospatu dituzu?
Kalderero egunean hasi ginen, astebete lehenago, beraz. Gero Ostegun Gizenean atera ginen. Benetan egun zoragarria izaten da inauterien hasierakoa; txarangen atzetik giro aparta sortzen da eta oso gustura ibiltzen gara. Zaldunita Dianarekin hasi genuen, eta ondoren, mozorro desberdinak janztea tokatzen da Hauster Eguna iritsi arte.
Egunero mozorro berria janzten al duzu?
Lehen, bai. Gero, igandean eta asteartean mozorro berdina eramaten hasi ginen. Astelehenetan aldaketa tokatzen da. Izan ere, andreak elkarrekin ateratzen hasi ginen, hau da, gizonak alde batetik eta gu bestetik. Egia esan, Astelenita guretzat oso egun berezia izaten da, bereziena.
Aurtengo inauterietan zein mozorro jantzi dituzue?
Igandean mesoneraz atera ginen; gizonezkoak Carlos V.az. Astelenitan, aldiz, omenaldi moduko bat egin nahi izan dugu. Alaska eta kristalezko bolaz jantzi gara. Aurten 40 urte egin ditu eta horregatik pixka bat gogoan eduki nahih izan dugu.
Gustuko eguna aukeratzen hasita...
Astelehena.
Gizonik gabe ateratzen zaretelako?
Ez, bereziki. Gizonekin ateratzen gara beste egunetan, eta oso gustura ibiltzen gara. Astelehenek, ordea, beste feeling bat izaten dute. Emakumeok urte asko daramatzagu elkarrekin ateratzen, eta oso egun berezia izaten da guretzat.
Inauterietako zerbait aukeratu beharko bazenu?
Kuadrillaren goxotasuna; elkarrekin egiten ditugun bazkariak; txarangen atzetik ibiltzea... Hori ere polita izaten da, zezen plazara joan eta gero handik txaranga piloa ateratzen direnean euren atzetik jaistea. Giro aparta izaten da.
Zerbait faltan botatzen al duzu inauterietan?
Ez, ez dut ezer botatzen faltan. Tolosara etorri eta inauteriez gozatzeko begira zeinen kuadrilla ederra topatu dudan; maitemindurik naukate.
Aurtengo inauterien balantzea egin beharko baldin bazenu, edo nota bat jarri.
Balantzea oso ona, eta nota 9ko bat emango nioke; beti 5 baino askoz ere gehiago.
Inauterien azken uneetan zer izaten duzu buruan?
Inauteriak bukatzen direnean, Hauster Egunean, hurrengo urterako ideiak botatzen hasten gara: zein mozorro, zer egin eta abar. Beti ilusioarekin hartzen ditugu azken uneak eta baita hurrengoak ere. Giro oso polita izaten da gure artean.
Urte osoan, beraz, inauteriak buruan izaten dituzue.
Bai. Esan bezala, inauteriak amaitu orduko hasten gara hurrengo urtekoak prestatzen.