Asteartita 25

‘Galtzaundin entierrua’, bigarrenez

Imanol Garcia Landa 2025eko martxoaren 4a

Aurreko urtean hasi ziren, Asteartita gauean, inauteriei amaiera emateko ekitaldia antolatzen; Galtzaundiri eskainitako bertsoak abestuko dituzte gaurkoan ere.

Iaz egin zuen lehen aldiz herritar talde batek eta aurtengoan errepikatu egingo du. Galtzaundin entierrua deitu diote, eta gaur gauean egingo dute berriro, 22:00etan hasita. «Bai ordutegi aldetik eta bai formatua eta iraupenarekin asmatu genuela uste dugu», esan dute antolatzaileek. «Hiru ordu laurden inguru iraungo ditu. Ez dugu nahi asko luzatu, nahiko arina egiteko. Lehengo urtean funtzionatu zuen, espero baino jende gehiago izan baitzen». 

Ramos Azkaratek Santos Aldasoro Iriarte Galtzaundi-ri buruz idatzitako bertsoak abestuko dituzte, eta horretarako Berdura Plazako 2. ezkaratzean elkartuko dira. Hor zuen Aldasorok bere zapatari postua, eta lehenengo bertsoak hor abestuko dituzte. Ondoren, kalejiran abiatuko dira, eta bi geldialdi egingo dituzte, Plaza Zaharrean eta ondoren Arrameleko zubian eta Gorriti plazaren artean. «Kalejiran bi zati daude: lehenengo zatian, keinu bat egiten zaio lehen egiten zen Sardinaren Hiletari, eta Lizarrako San Andres Martxa joko da. Gero, Enperadore kaletik 'jota navarra juaz', abestiak dioen moduan», zehaztu dute antolatzaileek.  

Geldialdi bakoitzean bina bertso abestuko dituzte, sei bertso baitira guztira. Bertsoetan azaltzen diren pertsonaiek osatuko dute segizioa, herritarrekin batera. Dultzaineroak eta Lasko txaranga izango dira musika jarriko dutenak. Jendeari bertso paperak banatu zaizkio, abestu dezan. «Hori ere polita da; azkenean kantuak bere presentzia pixka bat galduta du inauterietan, hainbeste musika eta txarangarekin. Aurorotan ateratzen dira ere kantari Zaldunita goizean, eta kantuari bere lekua eman nahi diogu inauterietan, kasu honetan Asteartita gauean».

Iaz bezala, antolatzaileek eskelak ere jarri dituzte kaleetan, Galtzaundin entierrua-ren berri emanez, eta herritarrak parte hartzera deituz. «Ahoz ahokoak ere funtzionatzen du», esan dute antolakuntza taldekoek. «Inauteri zaharren kutsu hori ere iazkoan lortu zela uste dugu, eta horri eutsi nahi diogu». 

Gustura daude sortu zen giroarekin, eta jendearen erantzunarekin, eta argi zuten errepikatu egingo zutela. «Inauterietako bukaera ekitaldi bezala aurreikusten dugu, baina gero parranda on batekin jarraituko dugu festa, Errauste Eguneko ordu txikiak arte».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!