Aurtengo inauterietan, 25 urte beteko ditu Alberto Uson Gonzalezek (Tolosa, 1953) Ortzadar txaranga zuzentzen. 2000. urtean hasi zen, ausardia handiz, eta 2021ean –inauteriak ospatu ez ziren urtean– izan ezik, gainerako urte guztietan aritu da txaranga zuzentzen. Orain arte, Zaldunitan eta Astelenitan aritzen zen. Aurten, baina, Txomin Zubiaurre ariko da Zaldunitan, eta Uson, berriz, Astelenitan.
«Zuzendari izateko ezinbestekoa da urduri ez jartzea, lotsa galtzea, eta umore puntu bat edukitzea»
Nolatan hasi zinen txarangan zuzendari?
Zaldunita egunean txarangako zuzendari izaten zen Joxe Manuel Etxeberria zendu berria zen. Gogoan dut, gainera, urte hartan, elkarteko lehendakaria nintzela. Ni, ordea, ez nintzen txarangan aritzen; elkarteko bazkideok ateratzen genuen karrozarekin parte hartzen nuen inauterietan. Urte asko neramatzan karrozarekin, 20 bat edo, eta ordurako, nahiko utzia geneukan. Etxean aipatu nuen zuzendaria falta zela txarangarako, eta emazteak eta semeak animatu ninduten. Lehenengo urtean, ez nuen arroparik. Txapela Etxeberriaren alargunak eman zidan, eta jantzia Rafa Lorencek utzi zidan. Bigarren urterako niretzako egin nuen jantzia.
Zure ekimena izan zen, beraz.
Bai. Azken urteetan askotan galdetu izan dugu elkarteko bazkideen artean, ea inor animatzen den. Denek esaten dute ezezkoa, lotsagatik edo. Aurten, esaterako, Txomin Zubiaurre animatu da. Berak esan zidan ilusioa zuela, eta gaur zuzenduko du txaranga. Nik bihar zuzenduko dut, eta Asteartitan, Iban Aznar ariko da. Jada hamabi bat urte daramatza txaranga zuzentzen.
Zein oroitzapen dituzu lehen urteez?
Oso urduri egoten nintzen. Ez neukan ideiarik ere zer egin behar nuen; kantuak nola hasi, nola bukatu... Gainera, txaranga berria zen. Guk beti kanpoko txaranga ekartzen dugu, eta urte hartan, Agoitzetik (Nafarroa) etorri ziren musikariak. Gogoan dut urte batean, elurteen eraginez, ezin izan zutela etorri. 2006az geroztik Durangoko Sugarri fanfarrea etortzen da. Lan handia izaten dugu, otordu guztiak elkartean egiten dituztelako, eta beraientzako lotarako tokia hartu behar izaten dugulako.
Baina bertako musikariek ez al dute parte hartzen?
Bai, bai. Aurten, adibidez, elkartean sartu berri den emakume bat animatu da.
«Gaztetxo batek izan dezakeenaren tankerako ilusioa izaten dut inauterietan»
Lehen urteetan urduritasuna aipatu duzu. Gerora, ohitzen joan zinen?
Bai. Asko gustatu zitzaidan, eta harrapatu egin ninduen. Gaur egun, harreman ona daukat txarangako musikariekin; askotan, adarra jotzen didate. Kinielak egiten dituzte, zein kantu aukeratuko dudan asmatzeko, ondo ezagutzen nautelako.
Ba al daukazu musika ikasketarik?
Bat bera ere ez! Txarangan ere inoiz aritu gabea naiz. Betidanik gustuko izan dut musika, ez inauterietakoa bakarrik. Udal Musika Banda entzutera ere joaten naiz. Nire ustez, txarangako zuzendari izateko ikasketak edukitzea ez da beharrezkoa. Nahikoa da belarri ona edukitzea eta inauterien aurretik etxean kantuak etengabe entzun eta entseatzen aritzea. Eta noski, ezinbestekoa da urduri ez jartzea, lotsa galtzea, eta umore puntu bat edukitzea. Ezaugarri hauek, akaso, karrozan parte hartzeari esker lortu eta landu ditut.
Gainera, gure kasuan errazagoa da. Txarangako musikariek inauterietako errepertorio osoa ezagutzen dutelako, eta beraz, erraztasunez jotzen dutelako. Ia 80 kantu dira, azken urteetan melodia berri asko egin direlako, eta guztiak dakizkite. Elkartean bertan, ereserkiaz gain, beste hiru abesti ditugu.
Zein izaten da Astelenitan txarangaren egitekoa?
o9:00etan ateratzen gara elkartetik, Larramendi auzora joateko, Migel Mari Iraola zenari omenaldia egiteko. Bere biloba Idoiak zuzentzen du txaranga, eta Migel Marik oso gustuko zituen Pastelero eta Galtzaundi jotzen ditu txarangak. Astelenitan, txaranga ofiziala izaten gara, eta beraz, eguerdian kalejira txiki bat egiten dugu; gero goiz bazkaltzen dugu eta zezenetara joaten gara. Ondoren, 21:00ak arte aritzen gara kalean. Egun luzea izaten da.
Zein da zuzentzeko gehien gustatzen zaizun doinua?
Habanerak oso gustuko ditut, baita erritmo bizkorragoa duten kantuak ere. Kalejiren artean Casino, Berazubi, Iurre eta Izaskun aukeratuko nituzke. Bestela, Parrita ere gustatzen zait. Doinu hauek txarangek ez ditugu asko jotzen, eta horregatik ere gustuko ditut.
Datozen urteetan jarraitzeko asmoa duzu?
Ondo sentitzen naizen bitartean, bai. Erretiroa hartzeko garaia heltzen denean, gustura hartuko dut, baina bitartean, ez dut helmugarik jarri nahi. Gainera, erreleboa ziurtatuta dut, eta alde horretatik lasai nago.
Baduzu anekdotarik kontatzeko?
2014an, Condom herrira (Frantzia) joan ginen, txarangen lehiaketara. Nik berez ez nuen joateko asmorik, baina musikariek animatu ninduten. Talde oso onak zeuden; Valentziako bandez gogoratzen naiz. Bada, ez genuen espero, baina irabazi egin genuen. Kontua da ez zutela soilik musikaltasuna kontuan hartzen. Talde bakoitzak jartzen zuen giroa ere puntuatzen zuten, baita beste zenbait ezaugarri ere.
Txarangaz kanpo ere gozatzen duzu inauteriez?
Gaur egun, emaztearekin ateratzen naiz kalera. Lehen, txaranga zuzentzen hasi aurretik, elkarteko karrozarekin ateratzen nintzen, eta parodiak egiten genituen. Sari ugari irabazi genituen. Gogoan dut sevillarrez mozorrotu ginenekoa. Karpa erraldoi bat jarri genuen Lopez Mendizabal pasealekuan, Gijondik (Asturias) ekarritakoa. Apirileko Feria irudikatu genuen, eta dantza eskolak ematen aritu ginen tablao flamenkoan. Inauteriak heldu aurretik, etxean aritzen nintzen praktikatzen, takoidun zapatekin. Ohean ere entseatzen nuen, emaztearen harridurarako.
Zer dira zuretzat inauteriak?
Erabateko alaitasuna. Gaztetxo batek izan dezakeenaren tankerako ilusioa izaten dut. Asko betetzen naute inauteriek eta txupinazoaren eta Dianaren zain egoten naiz. Ikaragarri hunkitzen eta motibatzen nauten uneak izaten dira.
Zerk egiten ditu berezi Tolosako inauteriak?
Nire ustez, inon ezin da topatu tolosarrok dugun bizitasuna, mozorroetarako talentua edota inprobisatzeko gaitasuna. Hori ez dauka edonork eta balio handia du. Musikagatik ere bereizi behar dira. Gainera, txarangen eta herritarren arteko harremana oso ona da.