Zer dira zuretzat inauteriak?
Inauteriak herriko jai nagusitzat hartzen ditut, txikitatik bizi izan dudan festa da. Urtero parte hartzen dut inauterietan, eta musika beti izan da festa honen protagonista. Txikitan, zortzi urte nituela Ortzadar elkartekoekin txarangan parte hartzen hasi nintzen. Haur hezkuntzako hiru lagun batzen ginen, ilusio handiz, eta momentu zoragarriak bizi izan ditugu.
Nola bizitzen dituzu inauteriak? Desberdina al da txarangako kide edo ikusle gisa?
Bai, oso desberdina da. Txaranga barruan zaudenean guztiz murgiltzen zara festan eta barrutik bizitzen duzu herriko giroa. Ikusle zarenean, aldiz, beste modu batera gozatzen duzu. Txaranga baten parte izatea esperientzia berezia da eta jendea hori probatzera animatuko nuke.
Zu txaranga askotan aritzen zara. Nola moldatzen zara?
Batzuetan zaila da aukeratu egin behar duzulako. Lagun asko ditut Iurren eta horregatik askotan ateratzen naiz beraiekin. Baina, urte batetik bestera gauzak hainbeste aldatzen direnez, ni ere handik hona ibiltzen naiz. Berez, Ortzadar elkartekoa naiz. Zortzi urterekin hasi nintzen bertan saxofoia jotzen eta beraiek irakatsi zidaten txarangaren dinamika nolakoa zen. Pintxanan ere parte hartzen dut, baita Ero-Etxen ere.
Eta aurten, zein txarangatan ikusiko zaitugu?
Ero-Etxen, Pintxanan eta Iurren. Han eta hemen. Azken finean, poztasuna transmititzea gustatzen zait, inauteriak horretarako baitira, mugitu eta giroaz gozatzeko.
Inoiz hutsik egin al duzu inauterietan?
Ez dut inoiz hutsik egin. Aurten, agian, lanarengatik egunen batean huts egitea tokatuko zait, baina igandera arte herrian izango naiz bertako giroaz disfrutatzen.
Zein da inauterietan duzun oroitzapenik politena?
Nire lehen oroitzapenak familia eta lagunekin igarotako momentuak dira. Ostiral arratsaldeak bereziak izaten ziren. Lehenengo zezenetara joaten ginen, gero Txaplinera gozokiak erostera, eta azkenik, barraketara. Inauteriak beti izan dira gertukoekin partekatzeko uneak, eta horregatik oroitzapen horiek gordetzen ditut.
Zein musika mota gustatzen zaizu gehiago: txarangakoa, karrozetakoa edo tabernetakoa?
Denak. Azken batean, lagunekin zaudenean garrantzitsuena ez da musika, baizik eta momentua bera. Tabernetan musika entzutea asko gustatzen zait, baina baita karrozetako musika ere. Diskotekara urte osoan joan gaitezke, baina txaranga edo karrozan osatzen den giroa, berriz, inauterietan bakarrik bizi daiteke. Hala ere, txarangako doinuak dira niretzat berezienak.
Zerk egiten ditu inauteriak berezi?
Herritar guztiak elkartzea da inauterien magia. Familiarekin, lagunekin eta herrikoekin bizitzen den festa berezia da. Zaldunita egunean, adibidez, familiakoek bazkaria egiteko ohitura izaten dugu, eta ondoren kalera ateratzen gara giroa bizi nahian. Une horiek Gabonak ekartzen dizkit gogora eta uste dut jende askok berdin sentitzen duela, inoiz ez bezala elkartzen garelako eta horrek egiten dituelako inauteriak berezi.
Zerbait gehiago gehitu nahiko zenuke?
Kritika pertsonal eta sozial bat egin nahiko nuke. Azkenean, inauteriak belaunaldien arteko lotura ere badira eta uste dut gazteok ere festa hau aurrera eramateko ardura hartu beharko genukeela. Helduek urteetan eraman dute festa aurrera, baina gazteok ere antolatu beharko genuke. Inauterien transmisioa bermatu nahi badugu, gazteok ardura hartu behar dugu festaren norabidea galdu ez dadin.
MOTZEAN
- Egun bat? Ostegun gaua, lehen egun ofiziala delako eta giroa freskoagoa eta naturalagoa delako.
- Mozorro bat? King Kong izan da inoiz ikusi dudan mozorrorik ikusgarriena. Duela urte batzuk Iñaki Goikoetxea tolosarrak egin zuen eta Beotibar frontoiaren gainean zintzilik egon zen ordu luzez. Nik uste horri esker hurrengo urteetan bisitari asko etorri zirela Tolosara.
- Txaranga doinu bat? Troika doinu berezia da, baina Parrita ere gustuko dut. Zezen plazetan jotzen den paso doble bat da eta oso elkarte gutxik jotzen dute gaur egun.